[Erreportajea]: Neskek ere badakitelako borrokatzen
Cristina Juaniz artista irundarrak ‘Borrokatu neska batek bezala’ bilduma osatu du, eta apirilaren 3ra arte ikusteko aukera izango da Martindozenea Gaztelekuan nahiz ‘irun.org’ webgunean.
Badira esaldi matxista batzuk txiki-txikitatik buruan iltzatuta geratzen direnak: mutilek ez dute negarrik egiten, neskak kirolean txarrak dira, neska batek bezala borrokatzen duzu… Hain zuzen, azken esaldi horren kontzeptuari buelta eman dio Cristina Juaniz Micrisantemo irundarrak, eta Pelea como una nena (Borrokatu neska batek bezala) erakusketa osatu du. Apirilaren 3ra arte ikus ahal izango da Martindozenea Gaztelekuan.
Juanizen arabera, emakumeen borroka feministari egiten dio erreferentzia izenburuak, eta «indar handia» duela iritzi dio, «nik salatu izan dudan horrekin guztiarekin zerikusia dauka». Ez da isilik geratzen denetakoa Juaniz, eta bidegabekeriak edota gizarte honetatik haserretzen duten gauzak irudikatzea gustatzen zaio. Zentzu horretan, feminismoa txikitatik izan du bidelagun, eta denborarekin loratzen joan den zerbait izan dela adierazi du, gaur arte.
Osagai horiekin guztiekin osatu du erakusketa irundarrak. Guztira, hamar ilustrazio dira, eta bi eskuren eskulturak eta marrazkiekin pertsonalizatutako bi jaka ere erantsi dizkio bildumari. Izan ere, jaka eta eskuzko eskulturak saldu egiten ditu dirutxo bat ateratzeko, eta horregatik erabaki du horietako batzuk ikusgai jartzea. Instagramen bidez (@micrisantemo) jasotzen ditu enkarguak. Gero, lanak egin ahala bidali egiten ditu. Ezohiko formatua den arren, oihalaren nahiz egurraren gainean margotzeko teknika atsegin duela jakinarazi du Juanizek, «gainera, oso artikulu potente eta interesgarriak direla iruditzen zait».
Eraginak
Inspirazioa eta eragina egile eta estilo askotatik jaso du Juanizek. Batetik, arte mexikarra. Amarengandik datorkion zaletasuna da, eta ikusitakoa bere egin du, Frida Kahlo eta antzeko artistei erreparatuz. Horrez gain, beste iturri batzuk ere izan ditu, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako komikien estiloa, esaterako. Hori, berriz, aitarengandik datorkio, garai hartako komikien zalea baitzen. «Azkenean, ez dut bilatzen estetikoki polita edo ederra dena, baizik eta mezu agresiboago edo zakarrago bat igorri nahi dut, arreta pizteko». Bere mezua ondo ulertzeko, errebeldia modurik onena dela uste du.
Erakusketarekin lotuta, Gaztelekuko gaztetxoekin tailer bat zuzendu zuen Juanizek. 12 urteko neska-mutilek parte hartu zuten, eta denen artean muraltxo bat egin zuten. «Esku batzuk marraztu genituen ahoekin, eta Martxoaren 8ari buruz zerbait idazteko eskatu nien». Oso esperientzia polita izan zela nabarmendu du, eta jendea animatu du mural hori ikustera.
Irundar gazteak artearen norabidean jarraitu nahi du pausoak ematen: «Oso pozik nago Gaztelekuko erakusketarekin, eta etorkizunera begira, espero dut proiektu gehiago ateratzea». Pandemiagatik, Martindozeneako erabiltzaileek baino ez dute erakusketa aurrez aurre ikusteko parada izango. Gainontzekoek, ordea, modu birtualean egin ahal izango dute irun.org/gazteleku webgunean