Alei eremuko plan berezia onartu du udalbatzak
Alei eremuan babes publikoko 60 etxebizitza eraikitzea biltzen da planean, eta inguruko komunikazioak eta egoera hobetuko dira, besteak beste.
Gaur goizean martxoko ohiko osoko bilkura egin dute Irungo udaletxean. Udal taldeetako bozeramaileak eta Jose Antonio Santano alkatea pleno aretoan izan dira, eta, gainontzeko zinegotziek telematikoki jarraitu dute. 11 puntutako gai zerrendatik puntu guztiak atera dira aurrera. Guztiak ahobatez onartu dituzte, bi izan ezik: gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonentzako gaueko harrera zerbitzuaren erregelamenduari buruzkoa eta hego saihesbidearen lanei dagokiena. Bietan abstenitu egin da EH Bildu.
Onartutako puntuen artean, ALEI eremuko Hiri Antolamendu Plan Berezia atera da aurrera. Miguel Angel Paez Hiri-Garapeneko ordezkariak jakinarazi duenez, Alei Kalea, Elizatxo Hiribidea eta Olagizon Ferrones Kalearen inguruari eragingo dio planak, eta, besteak beste, babes publikoko 60 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du. Horrez gain, inguruaren komunikazioa eta egoera hobetuko direla adierazi du Paezek.
Zazpigarren puntuan zerbitzuak eskaini edo udal jarduerak egiteko prezio publikoak aldatzea onartu dute. Zentzu horretan, zenbait hobari eskatzerako garaian, irizpideak aldatu dituzte, eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaz jaso ez arren, pareko egoeran dauden familiek ere eskatu ahal izango dituzte hobari horiek, irizpideak betetzen dituztela zehazten duen txostena aurkeztuta. Horrela, ludoteka, Solas Jolas, Eskola Kirola, Gaztelekua eta udalekuetan jaso ahal izango dituzte hobariak.
Gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonentzako gaueko harrera zerbitzuaren araudia ere onartu dute, eta hainbat aldaketa egin dituzte. Udalaren arabera, Covid-19ak baldintzatutako egoerara moldatzeko egin dituzte aldaketa horiek, baina EH Bilduk kezka agertu du horiekiko. Zubiarako sarrerako irizpideak “gogortu” direla kritikatu du, eta ez du “ez behar ez justifikaziorik ikusi” horretarako.
Zortzigarren puntuan, udala Geiser/Orve plataformari atxikitzeko formularioa onartu dute. Plataforma horren bidez, erregistro elektronikoa eta erregistroen arteko konexioa erraztuko dela azaldu du Monica Martinez Informazioaren Gizarteko zinegotziak, eta “digitalazio eta modernizaziorako” aurrerapauso garrantzitsua izango dela.
Bestalde, hego saihesbideko lanen proiektuan aldaketak egin dituzte, zehazki, lehenengo horman lurzorua egonkortzera bideratutakoak. Cristina Laborda Obra Publikoko zinegotziak jakinarazi duenez, lanak bide onetik doaz, eta uztailerako bukatuta izatea espero du.
Galdera eta eskaeren tartean, Xabier Iridoyk egin ditu bi galderak. Batetik, Olaberriako plan bereziaren erredakzioa zein egoeretan dagoen galdetu dio Paezi, eta ekaina baino lehen, martxan jarriko dela aurreikusi du. Bestetik, Iñigo Loiola kalearen irisgarritasuna hobetzeko plana zertan den galdetu dio. Paezek onartu du geldirik dagoela, udalak diru laguntza batzuk onartu dituen arren, plana burutzeko bizilagunek ere ekarpenak egin behar dituztelako, eta auzo horretan horietako askoren egoera soziekonomikoa ona ez dela. Europako funtsen zain daudela gaineratu du, horrek egoera desblokeatzeko balio dezakeelakoan.