Kantuan eta kalejiran ospatuko dute irundarrek aurtengo Aberri Eguna
Apirilaren 4a heldu bitarte, Irungo balkoi eta leihoak ikurrin eta nafar banderez apaintzeko deialdia egin du Euskal Herria Batera dinamikako Irungo taldeak.
Euskal Herria Batera dinamika jarraituz, Irungo herritar talde batek 2021eko Aberri Eguna ospatzeko ekitaldi berezia antolatu du. Apirilaren 4an (igandea da) Etorbidearen zubian ospakizun berezia egingo dutela iragarri dute (12:30ean). Kalejiran helduko dira herritarrak bertara, Irungo kaleak zeharkatuko baitituzte 11:15an hasita, Urdanibia plazatik. Zubian aldiz, Gernikako Arbola, Txoria txori eta Ikusi mendizaleak abestiak kantatuko dituzte Irun eta Hendaia lotzen dituen zubi zaharrean.
Dinamikako kideen arabera, «globalizazioaren arriskuei aurre egiteko, komunitarismoa indartzeko eta Euskal Herria komunitate burujabe bilakatzeko» aldarrikapenak egingo dituzte. «Lurraldeak eta haien gainean trinkotzen diren komunitateak dira tresnarik egokiena pertsonei bizitza duina eta eskubide berdintasuna bermatzeko. Nahi genuke Euskal Herria izatea halako komunitate bat, erabakimena eta eskubide politiko guztiak dituena», erantsi dute Euskal Herria Batera dinamikako kideek.
Apirilaren 4a heldu bitarte, Irungo balkoi eta leihoak ikurrin eta nafar banderez apaintzeko deialdia egin du herritar taldeak. Sare sozialetan jardunaldiaren berri emango dute, ‘keinu bat batera’ izeneko talde bideo bat osatuko dute. Bideoak, helbide honetara bidali daitezke.