Irungo adinekoek paseo oso berezia eman dute hiritik
Real Sociedad Fundazioaren egitasmoz, hilabete luzeren ostean kalera itzultzeko aukera izan dute Caser Anakako egoiliarrek. Hiria zeharkatu dute trizikloetan, euren bizipen eta oroitzapenak gogoratzeko leku ezagunak bisitatu dituzte.
Atzo Irungo adinekoek paseo oso berezia eman zuten. Real Sociedad futbol taldearen egitasmoz, Bizikletaz Adinik ez egitasmoa ekarri dute Irunera, Gipuzkoako zenbait herritatik pasa ostean.
Caser Anakako egoiliarrak izan ziren atzoko protagonistak; triziklo batzuetan eman zuten paseoa, talde txuriurdineko fundazioko kideekin batera. Haiekin batera izan zen Gizarte Ongizate saileko ordezkari David Nuño. «Hilabete gogorrak izan dira guztiontzat, oraindik izaten ari dira. Gure adinekoek ezin izan dute euren erresidentzietatik atera. Hemen, Caserren, hiriko beste zentroetan bezalaxe, udalak aire zabaleko eremuak egokitu ditu modu seguruan paseatu dezaten. Baina gaurko egitasmo hau harago doa, eta hiritik paseo bat emateko aukera eman die», esan du Elkarrekin Podemos-IUko kideak.
Paseo horretan hiriko leku esanguratsuak bisitatu zituzten, eta adinekoekin memoria lantzen aritu ziren, euren bizipen eta oroitzapenak gogoratzeko leku ezagunak bisitatu zituzten. Anaka kaletik aterata, Kolon pasealekua zeharkatu zuten Oiasso museo ingururaino. Handik, Nafarroa etorbidetik, Mekara gerturatu ziren, Ola sagardotegiraino, berriro zentrora itzultzeko.