'Mugi Dezagun Elefantea!' kanpaina abiatu du Abotsanitzek
Hondarribiko Udala "mugitu ezin den elefantea" dela iritzita, "arloz arlo proposamenak eginez, elefantea mugi daitekeela" erakutsi nahi dute
Mugi Dezagun Elefantea! izenpeko kanpaina ezagutarazi du gaur Abotsanitz Herri Batzarrak. Hondarribiko Udala “mugitu ezin den elefantea” dela iritzi dio alderdiak, “herritarren eskaerak erantzuten ez dituen elefantea, urtetik urtera zehazten dituen helburuak betetzeko gai ez dena, langile taldea osatzeko imintziorik egiten ez duena…”. Hori dela eta, alderdikideek ziurtatu dutenez, “arloz arlo proposamenak eginez, elefantea mugi daitekeela erakutsiko dugu urtean zehar”.
Gauzak beste era batera egin daitezkeela sinetsita agertu da udal taldea, baina horretarako jarduteko moduan aldaketak beharrezkoak jo ditu “ezinbestean”, esaterako: “Lehentasunak finkatuz, proiektuak planifikatuz, herritar eragile eta alderdi politikoekin adostuz, udal teknikariekin beharrezko izapideak burutuz, eta bukatzeko, exekutatuz”.
Hori horela, etxebizitza arloa landuko dutela datozen asteetan jakinarazi du Abotsanitzek. “Ertz asko” dituen gaia dela adierazi dute, eta beraz, “ñabardura guztiei” erreparatu nahi dietela erantsi dute, “hondarribiarren behar ezberdinak aintzat hartzen dituen etxebizitza politika aldarrikatuz”. Azkenik, “etxebizitza eskubidea” dela gogorarazi du taldeak.