Irungo bandera jaso du Realak
Irunek, trukean, Realaren bandera jaso du, udaletxeko balkoian zintzilikatzeko. Reala Gipuzkoako udalerri guztietako banderak jasotzen ari da, Kopako finalera eramateko.
Atzo goizean Realeko ordezkariak, Martin Merquelanz gizonen lehen taldeko jokalaria eta Kote Pikabea jokalari ohia Irunen izan ziren. Kopako finalera begira, Gipuzkoan barrena, herriz herri, banderak jasotzen ari da Reala, eta, hain zuzen, lehen geltokia Irun izan da.
Udalaren ordezkaritza ere bertaratu zen, eta Borja Olazabal Kirol zinegotziaren eskutik jaso zuten bandera. Berak, trukean Realaren bandera jaso zuen, Gurekin leloarekin, udaletxeko balkoian zintzilikatzeko.
Ostiralera arte jasoko ditu Gipuzkoako 88 udalerrietako banderak Realak, eta Kopako finalera joango da horiekin. Apirilaren 3an jokatuko da finala Sevillako La Cartujan, Reala eta Athleticen artean.