Banderak trukatu dituzte udalak eta Realak
Kopako finalaren harira Gurekin kanpaina abiatu du klubak. Gipuzkoako udalerrietako banderak jaso eta Sevillara eramatea da helburua.
Hondarribiko Udalak eta Realak banderak elkar trukatu zituzten atzo goizean Gurekin kanpainaren baitan. Gonzalo Carrion eta Gotzone Larrarte zinegotziek ordezkatu zuten udala eta Kote Pikabea, Fermin Altunam Jose Ramon Fernandez de Barrena eta Mixel Loinaz txuri-urdinen izenean aritu ziren trukaketan.
Apririlaren 3an jokatuko dute Kopako finala Athleticek eta Realak Sevillan (Andaluzia, Espainia) eta horren harira abiatutako dinamika da Gurekin. Kanpainaren arabera, Gipuzkoako 88 udalerrietako banderak bildu nahi ditu klubak eta estadioan zalerik egon ez arren, gipuzkoarrak “hurbil sentitzeko ahalegina” egingo dute. Bildutako banderak Sevillara eramango dituzte txuri-urdinek.