Etxeko langileei omenaldia egingo diete larunbatean
Zaintza lanak behingoz aitortu eta agenda politikoan sartu behar direla aldarrikatu du Behe Bidasoko Eskubide Sozialen Kartak.
Martxoaren 30a Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna izanik, Behe Bidasoko Eskubide Sozialen Kartak omenaldi bat egingo die. Larunbat honetan, hilak 27, izango da San Juan plazan, 11:00etatik aurrera. Zaintza lanak behingoz aitortzeko beharra ikusten du antolakuntzak, eta “sektore horretan jasandako diskriminazio sistematikoa, prekarietatea, gutxiespena eta bideraezintasuna agenda politikoan” jarri behar dela iritzi dio.
Ekitaldi honen bidez, hainbat aldarrikapen egingo ditu: zaintza sistemaren publifikazioa, subrogazio bermeak, genero arrakala gainditzeko neurriak, ratioak hobetzea eta berreskuratze emozionalerako plana, besteak beste.
Eskubide Sozialen Kartak “bizitza, feminismoa, antolakuntza eta borroka” defendatu ditu, “kapitalismo patriarkalaren lan banaketa esplotatzailearen aurrean”.