[Erreportajea] Psilocybeko denboraldia zabalduko du gaur Joseba B. Lenoir Gangek
Talde nafarraren eskutik ekingo dio musika elkarteak 2021. urteko programazioari, nahiz eta osasun egoerak bultzatuta, Psilocybeneako gertutasuna auditorioaren seriotasunagatik aldatu behar izan duten.
2021. urteko programazioari ekingo dio gaur arratsaldean Psilocybenea musika elkarteak, Joseba B. Lenoir Gang taldearen eskutik. Itsas Etxea Auditoriumean finkatu dute horretarako hitzordua, 19:00etan, eta gogorarazi dutenez, aldez aurretiko sarrerak asteartean agortu ziren. Beraz, bakan batzuk bereganatu ahalko dituzte interesdunek gaur bertan emanaldia hasi aurretik auditorioko leihatilan.
Joseba B. Lenoir beratarrak hainbat musika proiektu garatu ditu bere ibilbidean zehar. Oraingoan, talde formatuan ariko da oholtza gainean, Bai, bagara dokumentalerako prestatutako Instroak Vol.3 izenpeko soinu banda aurkeztuz, eta aurretik plazaratutako kantekin ikus-entzuleei gozatzeko aukera eskainiz. Nestor Uranga Psilocybeko kideak azaldu duenez, pandemiarekin ezin izan zuen azken lana aurkeztu, baina orain baldintzak aldatzen hasi direla kontzertuak ematen hasiko da berriz ere: «Ez ditu soilik soinu bandako kantak joko, instrumentalak direla, baita kanta zaharrak ere». Hori horrela, Urangaren esanetan, rock-and-roll doinuak, country eta blues pixka bat entzun ahal izango da gaur Itsas Etxean. «Giro lasaian beti ere, auditorio batek eskatzen duen giroan, hain zuzen» esan du.
Psilocybenea aretoa auditorioan
Psilocybenea aretoak eskainitako gertutasunetik zeharo aldentzen da Itsas Etxea Auditoriuma, baina indarrean dauden neurri bereziak medio Hondarribiko Udalarekin elkarlanean hasteko erabakia hartu du elkarteak. «Egoerara egokitzen ari gara», azaldu du Urangak, «eta alternatiba hau sortu denez aurrera eramaten saiatuko gara Psilocybek bizirik jarraitzen duela ikusarazteko».
Ildo horretan, datozen hilabeteetan auditorioan hiruzpalau emanaldi gehiago aurreikusi dituztela erantsi du hondarribiarrak, nahiz eta momentuz, ez duen ezer aurreratu nahi izan. Udarara begira, bestalde, osasun egoerari egokitutako kontzertuak antolatzen jarraitzea aurreikusi dute, nahiz eta onartu duen egoera «oso aldakorra» izateaz gain, udalaren gomendioak eta musika taldeen lehentasunak ere kontuan hartu behar direla.
Hori horrela, konfinamendu garaian kulturak eta bereziki musikak herritarrei emandakoa bueltatzeko unea dela uste du elkartekideak: «Azken hamabi hilabetean kultura eta musikaren esparrua konplikatua izan da, eta ez da gehiegi kontuan hartu. Musikariei Internet bidez jotzeko eskatzen zitzaien, baina orain kalera atera gaitezkeela, ez da erraztasunik ematen horretarako ere ez».
Berrogeialdian eskatu zitzaiena bueltan ematea ezinbestekotzat jo du Urangak, haren ustez ez baita bidezkoa Internet bidez kontzertuak ematea eskatzea «eta orain, haiekin ahaztea». Are gehiago, kulturarik gabe itxialdia nola igaroko luketen herritarrek galdetu dio bere buruari hondarribiarrak, eta orokorrean, «artista guztiekin» gertatu den zerbait dela iritzi dio. Orain, beraz, norberak bere hondar aletxoa jarri eta jasotakoa pixkanaka itzultzen joateko garaia iritsi dela uste du musika elkarteko kideak.