Uda Jolas programan aurrematrikulazioa datorren astean zabalduko du udalak
Hilaren 22tik 27ra bitartean zabalduko dute aurretik izen emate epea; 2011 eta 2016 urte artean jaiotako haurrek parte har dezakete.

Uda Jolaseko artxiboko irudia.
Uda Jolas programan aurretiko izen ematea zabalduko du Hondarribiko Udalak hilaren 22tik 27ra bitartean. Maria Serrano Gazteria eta Prebentzio Komunitarioa departamentuko zinegotziak eman ditu 2021. urteko uda programaren gaineko xehetasunak gaur goizean udaletxean egindako agerraldian.
2011 eta 2016 urte artean Hondarribian jaiotako haurrek eman ahal izango dute izena aurtengoan. Orain arte hilabete osoan parte hartzeko aukera zegoen arren, Hezkuntza eta Osasun sailek emandako gomendioei jarraituz, hamabost eguneko bi txanda egingo dituztela azaldu du arduradunak. “Ezin dugu hilabete osoa eskaini ezin ditugulako berrehun txiki elkarrekin jarri, beraz, bi txanda egingo ditugu”, adierazi du. Hala, bi txanda egin arren, horietako bakoitzean 150 umek parte hartu ahal izango dutela gaineratu du. Hortaz, “kopurua igo dugu”, nabarmendu du.
Hori horrela, apirilaren 26an egingo dute lehen zozketa, eta behin betiko izen ematea maiatzaren 15era arte luzatuko dute ondoren. Leku libreak geratuko balira beste zozketa bat egingo luketela ere zehaztu du Serranok: “Bi txandak bete nahi ditugu”.
Lehen txanda uztailaren 1etik 15era eta bigarrena 16tik 30era izango dira, 09:00etatik 13:00etara, astelehenetik ostiralera, Talaia-Bordarin. Prezioari dagokionez, lehen seme-alabarengatik 40 euroko kostua izango du programak, eta bigarrenetik aurrera, 30 eurokoa. Izena Internet bidez ematea lehenesten dutela bukatu du Serranok.