[Bideoa] 'Ez dok ero' taularatuko du Tartean Teatroak igandean
Jokin Oregiren zuzendaritzapean, Pantxo eta Mikelote bikotearen istorioa ikusteko aukera egongo da asteburuan, Itsas Etxean.
Tartean Teatroa konpainiak Ez dok ero antzezlana taularatuko du igandean, Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etan. Jokin Oregik zuzendutako obrak Mikelote eta Pantxo bikote artistikoaren istorioa aurkeztuko die ikus-entzuleei. Patxo Telleria eta Mikel Martinez dira protagonistak. Sarrerak eskuratzeko interesa duten lagunek Internet bidez edo Arma Plaza informazio gunean egin dezakete.
Ondokoa da sinopsia eta antzezlanaren aurrerapena:
Mikelote eta Pantxo bikote artistikoa desegin da. Haien formula komikoa gastatua zegoen, eta belaunaldi berriek haien tokia okupatu dute. Pantxok ondo hartu du behartutako erretiroa. Eszenatokietatik urruntzeko gogoa zuen aspalditik, bizimodu lasai eta normalizatua desiratzen zuen, artearen eromenetik urrrun. Mikelotek ez du bukaera onartu nahi. Antzerkiaren pozoia sakon errotuta dago bere zainetan. Eta pozoi horrek burua galtzeraino eramango du.
Egun batean Mikelote Pantxoren bila joango da, trasteak prestatu eta Euskal Herrian barrena joateko, herriz herri antzeztera, “Euskal Antzerkiak Behar Gaitu” uste inozoarekin. Horrela ibilbide fantastiko bat egingo dute Euskal Herrian zehar, hamaika abentura ero biziz. Mikeloteren imaginazioak sorturiko pertsonaia harrigarriak ezagutu eta egoera korapilatsuetan endredatuko dira.