Elikagaien Bankuak 300.900 kilogramo banatu zituen iaz Irunen
Gipuzkoako Elikagaien Bankua bisitatu du aste honetan David Nuño udaleko ordezkariak. 2020an, 3.471 irundarrek jaso zuten laguntza.
Joan den astelehenean, Irungo Udaleko Gizarte Ongizate saileko David Nuño ordezkariak Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren egoitza bisitatu zuen, Oiartzunen. Belen Mendez de Vigo presidentearekin eta zenbait boluntariorekin batera elkartearen instalazioak eta egunerokoa gertutik ezagutu zuen Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariak.
«Elikagaien Bankuaren lana funtsezkoa da gaur egun. Pandemiak familia askoren beharrak areagotu eta agerian jarri baino ez du egin egunero elikatzea bezain gauza oinarrizko batean, eta alde horretatik eskerrak eman behar zaizkio elkarteari lurralde osoan janaria banatzen egiten duen lanagatik, eta baita interesik gabeko dohaintzengatik ere», esan du ordezkariak.
Aurten, 2020an bezalaxe, COVID-19ak eragindako egoerara egokitu dute euren jarduna. Horregatik, ezin izan delako zuzenean bilketarik egin, aurten dohaintza ekonomikoak jaso ditu bankuak, eta bildutako dirua elikagaiak erosteko erabili du, beharra duten kolektibo eta familiei bideratzeko.
Guztira, bost langile eta 200 boluntario baino gehiago aritzen dira bertan egunerokoan.
Nuñok, udalaren izenean, bertako langile eta boluntarioen lana txalotu du, eta eskerrak eman dizkie egindako lanagatik. «Pandemia honen ondorio sozialak oso gogorrak izaten ari dira, eta ezinbestekoak izango dira lan horri eusteko ahalegin guztiak, Gizarte Ongizatek premia horiei erantzuteko ematen dituen laguntzak barne», erantsi du ordezkariak.
300.900 kg Irunen
Datuei erreparatuta, iaz, 2.394.000 kilogramo elikagai baino gehiago banatu zituen bankuak; 187 entitate eta 21.285 laguni banatu diete. Hemen, Irunen, 300.900 kilogramo banatu zituzten, 3.471 lagunek jaso zuten.
Irungo Udalak urtero 7.500 euro bideratzen ditu Elikagaien Bankura.