Bidasoa ibaitik migratzaileak erreskatatu dituztela salatu du Harrera Sareak
Muga oinez zeharkatzea migranteentzako ia ezinekoa denez, zenbait lagunek igerian pasatzeko autua egin dute azken egunetan. Erakundeei eskatu diete neurriak lehenbailehen hartzeko, «Euskal Herria hilerri bihur ez dadin beren bizitza hobetu edo salbatu nahi dutenentzat».
Irungo Harrera Sareak ohar baten bidez salatu berri duenez, azken egunetan gutxienez bi aldiz erreskatatu behar izan dituzte migranteak Bidasoa ibaitik, Irun eta Hendaia artean. Mugako kontrol zorrotzen aurrean («kontrol arrazistak» sarearen arabera), zenbait lagunek igerian pasatzeko autua egin dutela diote eta lesioak eta nekea direla eta herritarrek artatu behar izan dituztela.
Egoera kezkagarri honen aurrean, erakundeei eskatu diete neurriak lehenbailehen hartzeko, «Euskal Herria hilerri bihur ez dadin beren bizitza hobetu edo salbatu nahi dutenentzat».
1960 eta 1970ko hamarkadetan Portugaldik etorritako migranteek pairatutakoa gogoratu du sareak, eta orduan gertatutakoarekin alderatu ditu azken egunetako gertakariak. «Portugaldik zetozen hainbat pertsona hil ziren iparralderantz jarraitzeko ahaleginean. Urte ilunak izan ziren haiek espainiar estatuan. Orain ez. Eta migrazioaren arloan Europar Batasunak eta estatu kideek dituzten politika hiltzaileak salatzen arraitu behar da».
Zorionez ez dute heriotzen berririk izan, eta horrela jarraitzea espero dute sareko boluntarioek. «Jendarte bezala ezin dugu ohitu Mediterraneoan eta Atlantikoan jendea hiltzea, eta are gutxiago Bidasoan “hilerri” berri bat inauguratzea», erantsi dute.