Aurtengo Liburu Azoka luzatzea erabaki dute
Apirilaren 23an liburuek Zabaltza plaza hartuko dute, aurreko urteetan ez bezala, asteburu osoan zehar.
Irungo Udaleko Kultura saila datorren apirilaren 23ko Liburu Azokarako motorrak berotzen hasi da jada. Zabaltza plaza liburuz josiko dute beste urte batez, baina iaz bezala, karpa erraldoi baten barruan kokatuko dute eremua, osasun neurriak bermatu ahal izateko.
Iazko azokaren itxura berbera izango du aurtengoak, baina 2021 honetan luzatzea erabaki dute. Hala, asteburuan ere bertan izango da azoka, ostiraletik igandera bitarte hain zuzen ere (igandean soilik goizez zabalduko dute).
Salmentara bideratutako karpaz gain, bestelako ekintzetarako eremu bat egokituko dute aurtengoan. Oraindik ez dute programa osorik zehaztu, beraz, datozen egun eta asteetan jakinaraziko du udalak.
Kartel berezia
Aurtengo azoka iragartzeko kartel berezia egin du Lorena Martinez Oronozek. 2020ko edizioaren kartela hartu du abiapuntu gisa; iazko liburu ireki horri jarraipena eman dio, eta aurtengoan loreak eta hegaztiak gehitu dizkio. «Esperantza transmititu nahi izan du kartelak, liburuei esker dugun esperantza hori».