Aste Santuari begira programazioa indartu du Oiasso museoak
Erakusketak, tailerrak, hitzaldiak, bisitak... Datozen asteei begira egitarau zabala antolatu du erromatar museoak.
Irungo Oiasso Erromatar Museoak datozen asteetarako antolatutako programazioa aurkeztu berri du. Aste Santurako eta eskola oporraldirako eskaintza zabala prestatu dute: erakusketa, tailer eta ekitaldi ugari antolatu dituzte.
Programaziotik Leihoan jolasten izeneko erakusketa nabarmendu du museoak. Honetan, IKERTZE elkartearen laborategietan egindako ikerketa batzuk erakutsiko dituzte, 1991 eta 1994 bitartean 18 artista gipuzkoarrekin lankidetzan egindakoak. Proiektu honetan, Bernardo Atxaga, Joxe Felipe Auzmendi, Nestor Basterretxea, Marta Cardenas, Eduardo Chillida, Francisco Escudero, Andu Lertxundi, Alex Mendizabal, Andres Doñate, Julia Otxoa, Jorge Oteiza, Miguel Pelay Orozco, Xabier Santxotena, Jose Antonio Sistiaga, Sara Soto, Daniel Txopitea, Ricardo Ugarte eta Joseba Urretabizkaia artistek hartu zuten parte.
Erakusketa honi lotuta, sorkuntzarako tailer laborategi batzuk egingo dituzte hilaren 30ean, apirilaren 5ean eta apirilaren 10ean.
Tailerrak
Hilaren 31n aldiz, mosaikoen tailerra egingo dute museoan: mosaikoaren teknika ezagutuko dute partaideek, eta bat osatu ere bai, tesela txiki batzuk erabilita. Apirilaren 6an aldiz, Herkulesen 12 probak izeneko bisita dibertigarria eskainiko diete guraso eta haurrei, museoko tabletetan eskuragarri dagoen app-arekin. Tailer sortarekin amaitzeko, apirilaren 7an, Arkeolab tailerra egingo dute. Indusketa eta laborategi simulatu batean arkeologoek zer lan egiten duten ikusiko dute haurrek.
Tailer guztiak sei urtetik gorako haurrei bideratutakoak izango dira, eta tailer bakoitzak lau euroko kostua izango du pertsona bakoitzeko (tokia mugatua izango da). Erreserbak jada egin daitezke, helbide honetara idatziz edo 943 639 353 telefono zenbakira deituta.
Bisitak
Tailer programa honekin lotuta, meatze trenaz gozatzeko aukera ere eskainiko dute, Irugurutzetako barrutia ezagutzeko data ugari jarri baitituzte. Hilaren 27an, apirilaren 1, 2, 8 eta 9an, 11:00etatik 12:30era bitarte, egingo dituzte bisita horiek. Honekin batera, Irungo kaleetan barrena bisita berezia ere antolatu dute hilaren 28, apirilaren 3,4 eta 11erako, 11:00etan hasita. TIR aplikazioa baliatuta, Oiassori bizitza ematen dioten aztarnategi arkeologikoak bisitatuko dituzte. Interesdunek 5,50 euro ordaindu beharko dituzte.
Hitzaldiak
Aste Santuari begira antolatutako lehen hitzaldia hilaren 24an izango da, Nortzuk ziren bagaudak? izeneko solasaldia egingo dute. Aste honetan Oiasso nahieran egitasmoaren lehen edizioaren bozketa amaitu dute Twitterren. Antzinako historiarekin lotutako lau gai laburki aurkeztu ostean, sare sozialeko erabiltzaileek zazpi egun izan dituzte bozkatzeko. Hitzaldia 19:00etan hasiko dute.
Bigarren hitzaldia hilaren 25ean egingo dute, ordu berean. Kontaiguzu dakizuna programako hirugarren saioa egingo dute. Honetan, Oiassoren lagunek ezaupide eta esperientziak partekatuko dituzte gai historiko eta arkeologikoen gainean. Roberto Blanco Martin aholkulariak eta Maria Jimenez Goya idazleak hartuko dute parte hitzaldian. Sarrera doakoa izango dela aurreratu du museoak.