Birziklatze tasak puntu bat egin du gora, Txinzerren arabera
Bildutako hondakin kopuruak behera egin duen bitartean, batez beste, %54,22an kokatu da Irun eta Hondarribiko birziklatze tasa.
Txingudiko Zerbitzuak-ek (Txinzer) jakinarazi duenez, Irun eta Hondarribiko udalerriek berriz ere gora egin dute birziklatze tasan. Zehazki, ia puntu bateko igoera izan dute, eta adierazi dutenez, % 54,22koa izan da birziklatze tasa 2020. urtean zehar bi udalerrietan.
Hori horrela, 2020rako ezarritako %50eko helburu europarra gainditu dutela ezagutarazi dute Jose Antonio Santano Txinzerreko presidenteak eta Txomin Sagarzazu presidenteordeak, eta erantsi dutenez, “orain, 2030erako % 70era iristea” da erronka.
Hondakinen sorrerak % 5,73 egin duela behera zehaztu dute agintariek, “batez ere industrialdeetan eta saltokietan bildutakoetan”. Izan ere, % 11,76 egin du behera bildutako hondakinen kopuruak aipatutako bi sektoretan, “2.551 tona gutxiago”. Pandemiak eta zenbait jarduera ekonomikoren etenaldiak eragin dutela beherakada azaldu dute, baina hala eta guztiz ere, etxeko bilketa 373 tonetan gutxitu dela, %1,27 zehazki, ere ezagutarazi dute.
Azkenik, Zubietako erraustegian, guztira, 3.365 tona materia organiko eta 20.217 tona errefusa tratatu direla esan dute.