Turismo bonu kanpaina luzatu du Jaurlaritzak
Mugikortasun mugak medio bertan behera utzi behar izan zuten urrian abiatutako lehen deialdia; hilaren 26ra arte eman dezakete izena interesdunek.
Tokiko ekonomia berpizteko helburuarekin, turismo bonuen kanpainarekin bat egiteko epea luzatu du Eusko Jaurlaritzak, Hondarribiko Udalak gaur ezagutarazi duenez. Urrian zabaldu zuten lehen izen ematea, nahiz eta mugikortasun murrizketak medio bertan behera utzi zuen Jaurlaritzak kanpaina azkenean. Ostalaritza eta turismo negozioei bideratuta daude bonuak.
Hala, lehen kanpainan izena eman zuten establezimenduek ez dutela berriro egin behar jakinarazi du udalak. Beraz, kanpainan parte hartu nahi dutenentzako bigarren deialdia hilaren 26ra arte egongo da zabalik. Interesdunek ondoko helbidean aurki dezakete informazioa.
Merkatariei zuzendutako kanpainaren antzekoa da turismora bideratutakoa, eta emaitza «bikainak» eman zituela iritzita 150.000 euro gastatuko ditu udalak turismo bonuetan. Tokiko saltokien egoera arintzeko 11.000 bonu abiatu zituztela aurreko kanpainan ezagutarazi du udal erakundeak.