KIUB-en mikro mezuen lehiaketaren 13. edizioak baditu irabazleak
Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak aurtengo irabazleak ezagutarazi ditu. Sariak Toki Alai, Eguzkitza eta El Pilar-era joan dira.
Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) hamahirugarren mikro mezu lehiaketaren irabazleen berri eman du gaur. Edizio honetan LH eta DBHko ikasleek hartu dute parte, udalaren arabera, «hiriko gazteenak kontsumo arduratsuago batean sentsibilizatzeko asmoz».
«Aurten, pandemia dela eta, ezingo dugu elkartu, baina lehiaketa mantentzea erabaki dugu, egungo egoerari egokituta, eta krisi honen ondorioak gehien pairatzen ari den jarduera sektoreetako bati eskaini diogu, hau da, hurbileko merkataritzari», esan du Rebeca Gonzalez ordezkariak.
Partaideek Hurbileko merkataritza: zure auzoan erostearen abantailak leloan inspiratutako mezuak idatzi dituzte; orotara, 273 mezu jaso dituzte, orain arteko parte hartzerik handienetakoa.
Pandemiagatik sari banaketa ekitaldia bertan behera utzi behar izan duten arren, KIUB harremanetan jarri da irabazleekin, sariaren entrega egiteko. Sariak adinaren araberako kategorietan banatu dituzte: LHko 5. eta 6. mailetako eta DBHko 2., 3. eta 4. mailetako ikasleentzako saria ordenagailu eramangarri bat izan da.
Irabazleak
Euskarazko atalean, lehenengo kategorian, Intza Sainz Picos gailendu da (Toki Alai LH); bigarren kategorian aldiz, Ane Sanchez Ayalak irabazi du (Eguzkitza BHI). Gaztelaniazko lanen artean, lehen kategorian Carlotta Amiano Fernandezek irabazi du (El Pilar) eta bigarren kategorian berriz, Andoni Dieguez Aristizabalek (Eguzkitza BHI).