'Bultza euskaltegiak' AEKren dinamikako ekitaldiak, hilaren 28an Oarso Bidasoan
Aurten Korrika bertan behera uztea "kolpe ekonomiko handia" izan da AEKrentzat. Ekitaldiak Irunen, Hondarribian eta Errenteria-Oreretan izango dira.
AEK-k Bultza euskaltegiak! Euskara! dinamika abiatu du. Dinamikaren ardatzak hiru dira: administrazioaren eta eragileen inplikazioa; herrietan ekitaldiak egitea; eta AEKren aldeko babes ekonomikoa eskatzea. Izan ere, aurten Korrika ez egitea oso kaltegarria da AEK euskaltegientzat, eta hori iraultzeko abiatu dute dinamika: “Korrikaren atzerapenak hutsunea sortu du. Kolpe ekonomiko handia ekarri digu, eta euskaltegi sendoak behar ditugu”.
Horren harira, hilaren 28an (igandea), Hondarribian, Irunen eta Errenteria-Oreretan ekitaldiak antolatu dituztela iragarri dute Oarso Bidasoko AEK euskaltegietako arduradunek. Denak 12:00etan hasiko dira: Hondarribikoa Kasino Zaharrean egingo dute, Irungoa San Juan plazan, eta Errenteria-Oreretakoa Gamon Zumardian. Egitarauak ez daude guztiz zehaztuta. Horiek izan bezain pronto zabalduko ditu HITZAk.
AEKtik adierazi dute aurten ere kalean nahi dutela euskararen lekukoa eta euskaltegien aldeko bultzada. Horri begira, haien webgunean diru ekarpena egiteko bidea jarri dute.