Migranteen etorrerari aurre egiteko «baliabide falta» salatu du Elkarrekin Podemos-IUk
Gurutze Gorriarekin eta Harrera Sarearekin bildu ondotik, «migratzaileei arreta egokia eta duina emateko harrera sistema oso bat» exijitu dio Jaurlaritzari udal taldeak.
Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza udal taldeko David Soto antolakuntza idazkariak, Pilar Garrido koordinatzaileak eta David Nuño Irungo Udaleko Gizarte Ongizate zinegotziak Gurutze Gorriko eta Harrera Sareko ordezkariekin bildu ondotik, «migratzaileei arreta egokia eta duina emateko harrera sistema oso bat» exijitu diote Eusko Jaurlaritzari. «Baliabide falta» salatu du udal alderdiak, eta «adabakiak» jartzea leporatu dio Gasteizko gobernuari. «Gainera, argi eta garbi ez direla nahikoak», erantsi dute.
«Tristea da egiaztatzea, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzak unean-unean egiten diola aurre migrazio krisiari», kritikatu du Sotok, «migratzaileei erantzun egokia emango dien arreta eredu osoa ezarri beharrean». Honek migranteen egoera are gehiago «larriagotzen» duela iritzi dio idazkariak.
Hala, Jaurlaritzak prestatutako kontigentzia plana ez dela «errealista» uste dute ordezkariek, hilabete baten bueltan «mila etorkin baino gehiago» igaro baitira bertatik Europarantz. Hortaz, hemendik zenbait hilabetera Frantziako Gobernuak mugaren itxiera mantenduko balu, «aurki ditzakegun egoerei aurre egiteko» aurreikuspenik egin ez izana ere deitoratu du taldeak.
Hori horrela, «lankidetza» bultzatzera deitu du Jaurlaritza, baita «harrera eredu integrala» martxan jartzera ere, «emakumeen eta haurren espezifikotasuna» kontuan hartuta. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak onartutako «legez besteko proposamena» betetzera deitu du Elkarrekin Podemoso-IUk, nahiz eta «arretarako behar adina baliabide ez izan».