[Erreportajea] Menditik ibaira urak bere bidea jarrai dezan
Uholdeak prebenitzeko lehen fasea bukatuta, Jaizkibel mendiko ekialdeko urak Higer farolan bildu eta Arrokako biribilguneraino bideratuko dira. Bidasoa ibaira isuriko dituzte bertatik.
Ramon Iribarren pasealekuan eta Higer bidean euriteen ondorioz orain arte ikusitako ur jauziak, luiziak eta uholdeak saihesteko, edota hein handi batean, horiek arintzeko abiatutako lanen lehen fasea bukatu dute Uraren Euskal Agentziak eta Txingudiko Zerbitzuak-ek (Txinzer) aste honetan. Jaizkibelgo ekialdeko hegaleko uholdeak prebenitzea, horiek sortutako kezka apaltzea, eta urte luzetan zehar emandako irudi ikusgarriak ez errepikatzea izan da 2,5 milioi euroko esku hartzearen helburua.
Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak, Leire Zubitur Txinzerreko kudeatzaileak, eta Antonio Aiz Uraren Euskal Agentziako zuzendariak instituzioen arteko lankidetza nabarmendu zuten gisa honetako obra aurrera eraman ahal izateko. Izan ere, hamazazpi hilabetez luzatutako lanen aurrekontua partekatu dute Txinzerrek eta Uraren Agentziak, osotasunaren %57,5 eta %42,5eko ekarpena eginda.
Xehetasunak
Jaizkibelgo ekialdeko arroetan sortutako ura biltzea eta Bidasoa ibaira bideratzea izan da lehen fasearen erronka. Zubiturren arabera, farolako errepideak ur horien bidea oztopatzen zuen, gainetik pasa eta Iterlimen atzealdeko amildegitik erortzen zen. «Lanen ondorioz, hori dagoeneko ez da gertatuko», esan zuen herenegungo agerraldian. Horretarako, itsasargiaren inguruan eraikitako kolektorea arduratuko da bilketaz, eta hoditeria berriari esker, Arrokako biribilgunean sortutako ebakuazio galeriaraino iritsiko da ura. Han banatuko dira ur zikinak eta euri urak, baita Bidasoa ibaira isurtzen den uraren kalitatea etengabean neurtu ere. Solidoak ibaira iristea ekiditeko 3 milimetroko zuloak dituen bahea ezarri dutela erantsi zuen Zubiturrek.
Lehen fasea bukatuta, bi hilabeteren bueltan ekingo diotela bigarrenari iragarri du Txinzerreko kudeatzaileak. Gipuzkoako Foru Aldundiak gauzatuko du, eta Arrokako biribilgunetik Iterlimen hasieraraino drainatze eta saneamendu sistema berrituko dute, baita Baserritar etorbidean Talaia ikastetxeraino ere. Hirugarren eta azken fasean, Baserritar etorbideko urak Foru kaleraino bideratuko dituzte bertako drainatze eta saneamendu sarea osatuz.