[Galeria] Asun Casasola: «Mila esker benetan borroka honetan jarraitzeagatik»
Atzo banatu zituzten aurtengo Asun Casasola ipuin lehiaketaren sariak. Saio intimoa izan zen, hunkigarria.
Aurtengo Asun Casasola ipuin lehiaketaren sari banaketa berezia izan da, hunkigarria erabat. Oiasso museoaren tabernak jaso zuen atzo ekitaldia, eta bertan, Parean Elkarteko emakumeez gain, Asun Casasola bera izan zen. Pandemiak baldintzatutako ekitaldia izanik, nahi baino herritar gutxiagok izan zuten bertaratzeko aukera. Saio intimoa izan zen, hunkigarria, malkoz betetakoa.
Aurten, Varela Crespo oñatiarrak irabazi du helduen kategorian, euskarazko Azken erabakia lanarekin; gaztelaniazkoan aldiz, Leongo (Espainia) Miguel Paz Cabanas gailendu da, Sagarra izeneko obrarekin. Gazteetan berriz, Oihana Fernandez de Larrinoa Ibarbiak egin du euskarazko ipuinik onena, eta gaztelaniazko lanik onena Colombiatik etorri da aurten, Maria Josen Garcia Florezen eskutik: El refugio de la Grecia antigua lana egin du. Helduek 300 euroko saria jaso zuten, eta gazteen mailetakoek 100ekoa.
Edizio historikoa izan da aurtengoa, izan ere, azken sei urteotako parte hartzerik handiena izan du lehiaketak; orotara, 537 lan aurkeztu dira. Gazteen artean ere arrakasta handiko urtea izan da, euskarako 110 eta gaztelaniazko 63 ipuin jaso baititu Parean Elkarteak, Oarsoaldea, Bidasoa eta Donostiko zenbait ikastetxek parte hartu baitute aurten.
Banan-banan irabazitako ipuinak irakurri zituzten Ander Arzak, Aitziber Zapirain, Marialui Garcia eta Maria Jose Atienza kazetariek, Maite Elizondo arpa jotzailearen musikarekin batera.
«Izendatzen ez dena ez da existitzen»
Irabazleen sorkuntzak irakurri ostean, Asun Casasolak hartu zuen hitza, hunkituta. Lehenik, eskerrak eman zizkien antolakuntza lanetan aritzen diren emakumeei, «feminismoaren alde egiten duten lan ikaragarriagatik». Ikastetxeetan ere egindako lana txalotu zuen Casasolak, eta bide horretan urratsak emateko beharra nabarmendu zuen. «Beti esaten dudan bezala, izendatzen ez dena, ez da existitzen, beraz, mila esker benetan borroka honetan jarraitzeagatik».