[Erreportajea] Platera betetzeko, erein behar
Errigora egitasmoak abian du udaberriko kanpaina. Nafarroa hegoaldeko nekazariak eta euskalgintza laguntzeko produktu sorta eskura jarri du. Eskaerak hilaren 24ra arte egin daitezke.
Hilaren 24ra arte Plateretik baratzera, nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina abian izango du Errigora iniziatibak. Azaletik begiratuta, Euskal Herriaren hegoaldean ekoitzitako kalitate goreneko produktuen sorta bat erosteko aukera ematen du Errigorak; nork ez du maite ondo jatea? Baina begirada sakonekoa bada, badago mamia: produktu horiek erosita Nafarroa hegoaldeko ekoizle eta nekazari txikiei laguntza handia ematen zaie elikadura burujabetzaren bidean, eta gainera, salmentatik lortutako etekinak zonalde hartan euskarak eta euskalgintzak tokia irabaz dezan bideratuko dira. Han, Nafarroako Gobernuak ezarritako irizpideen arabera, euskara ez da hizkuntza ofiziala. Bi helburu, potoloak, baina egingarriak. Orain arte Errigorak egindako bidea horren seinale.
Iniziatibak bi kanpaina egin ohi ditu urtero. Bat, udazkenean, otarrekin. Bestea, udaberrian: oraingo honetan oliba olio birjinan, eta pasta nahiz arrozean jarri dute bereziki indarra (bestelako kontserba produktu asko ere dituzte salgai, beti 12 unitateko kutxetan). Iazko udaberriko kanpainako bi datu: 100.000 litro olio, eta 210.000 kutxa saldu zituzten. Kamioi asko dira horiek.
Iker Ajuriagerra Errigorako kidea buru-belarri dago egunotan lanean. Kanpaina betean daude, hilaren 24ra arte. Nabarmendu du, zainzuriak edo orburuak adibidez, munduko hainbat herrialdetatik merke iristen direla Euskal Herriko saltokietara, eta horrek eragin duela Nafarroako nekazariek horiekin lan egiteari uko egitea, «ia horien ekoizpena galtzear izateraino».
Bertako produktuak sustatzen, gero eta nekazari gehiago lanean jartzen, beraz, nekazaritzarako gero eta hektarea gehiago berreskuratzen ari dira Errigorak egiten duen lanari eskerrak Nafarroa hegoaldean. «Eta onurak euskara sustatzeko proiektuetara bideratzen dira», dio harrotasunez Ajuriagerrak. Zentzu horretan, Agerraldia iniziatiba aipatu du: Nafarroako hegoaldean euskaraz bizi ahal izateko estrategiak pentsatzera jarriko den elkargunea da.
Auzolana eta boluntarioak
Auzolana nabarmendu du hein berean Errigorako kideak: «Hau guztia egiteko ez dago beste modurik. Azken batean, Euskal Herriko ia txoko gehienetan biltzen dituzte eskaerak, udazkeneko eta udaberriko kanpainetakoak. Almazeneko prezioan saltzen ditugu produktuak, eta hori horrela izan dadin herri bakoitzean, auzo bakoitzean antolatuta dauden lau-bost boluntarioengatik ez balitz, ez zen posible izango».
Boluntarioen lanarekin bitartekariak erditik kentzen dituztela zehaztu du Ajuriagerrak, eta horregatik, euskalgintzara bideratzeko diru etekina lortzeko aukera dagoela. «Errigorak eskaintzen dituen goren mailako produktuek, ekologikoek barne, prezio oso ona dute, boluntarioen lanari esker bitartekariak ezabatzen direlako».
Kalkulu azkarra egin du Errigorako kideak. Euskal Herrian 200dik gora herri edo auzotan daude ezarrita boluntario taldeak. Oarso Bidasoko herrietan ere ez dira horiek falta; horietako bakoitzean gutxienez bost bat kide izaten dira. Beraz, 1.000tik gorakoa da Errigorako produktuak zabaltzen eta banatzen lan egiten dutenen kopurua. Boluntario horietako batzuk, adibidez, Ablitasera bidaia egiten dute abendu inguruan, udazkeneko kanpainaren barruan egindako eskaerak kaxetan sartu, eta horiek auzolanean bideratzeko.
Aurten, gainera, Plateretik baratzera leloa erabili dute udaberriko kanpainarako. Horrek badu arrazoi bat: «Iaz jaso genituen eskaera guztiak asebetetzeko arazoak izan genituen, ez zen behar adina produktu. Nekazariekin hitz egin dugu. Haiei eskaeretan ziurtasun bat ematen badiegu, konpromisoa hartu dute datozen kanpainetan nekazarien kontratazio gehiago egiteko, eremu gehiago lantzeko, edo hektarea gehiago berreskuratzeko. Hau da, eskaera bermea ziurtatu nahi diegu. Eta irudikatu nahi izan dugu plateretik (eskatzen denetik), baratzera helduko dela uzta».
Pisuagatik bizkarra tolestuta, baina pozik joaten dira etxera produktuekin
Oarso Bidasoko herri guztietan daude Errigoraren produktuak jasotzeko guneak. Udaberriko kanpaina honetan, apirileko bigarren hamabostaldian hasiko dira banatzen eskatutakoak (ondoko orrialdean xehetasunak). Irunen, adibidez, sortu berri dute taldea eta egitasmoa ezagutarazi nahian dabiltza. Errenteria-Oreretan, berriz, urteak daramatzate proiektuari hauspoa ematen eta jada milaka batzuk euro lortu dituzte Nafarroa hegoaldeko nekazariak lagundu eta bertako euskalgintza hauspotzeko.
Irungo larunbateko azokan Errigorako produktuen dastaketa egin zuten Urdanibia plazan. Hiriko lantaldeko kideen asmoa izan zen Errigora ezagutaraztea, ondoren herritarrek produktuak eros ditzaten.
«Ondo joan zen larunbateko dastaketa. Nabari da Irunen ez dela ezaguna egitasmoa, baina pixkanaka egin behar dugu bidea», adierazi du lantaldeko kide Gorka Arretxek. Kontatu du elikagaiak dastatu zituztenek oso sentsazio ona helarazi zietela. Orain, Internet bidez edo telefono deiarekin produktuak eskuratzea tokatzen da.
Eskarmentudun lantaldea
Errenteria-Oreretako taldeak, berriz, 2012tik darama Nafarroako hegoaldeko ekoizleen gaiekin puzka. Hasieran Gure Esku izenarekin, ondoren Saretuz mugimenduaren barruan, eta orain Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearen aterkipean. «Errigorak gure printzipioekin bat egiten du. Orereta Ikastolatik dator hona egitasmoa. Estrategikoa izan zen guretzat: argi izan genuen pertsonen artean landu behar genuela guztia, ahoz aho. Horrek gure lan egiteko moduekin bat egiten du», azaldu du Txuss Alfonso kideak, «nahiz eta lehenengo urtean kaleko salmentan hotz handia pasa, urtetik urtera gorantz joan gara».
Litekeena da Euskal Herriko boluntario talde guztien artean emankorrena izatea Errenteria-Oreretakoa: «Mentalitatea da kontua. Bakoitzak sare txikiak antolatu behar ditu, eta horrek funtzionatzen du. Pertsonek beste pertsonak aktibatu behar dituzte. Hori da Errigorarekin edo beste edozerekin gakoa».
Antxon Aizkorretak nabarmendu du ekimen pertsonalek tokia dutela euren zereginean, «askatasun edo autonomia hori onuragarria da. Beti arduratik, baina sareak sortzeko askatasuna badugu».
Egindako guztien emaitzak jaso, eta zabaltzea komenigarria dela uste dute, horrek egitasmoak herritarren artean errotzeko balioko duelakoan. «Izugarria izaten da jendea hona produktuak jasotzera etortzen denean sortzen den ilara. Kargatuta doaz etxera, ia ibili ezinik, bizkarra tolestua. Baina irribarre batekin doaz. Hori da garrantzitsuena».