Donostia kalea itxita egongo da astelehenetik
Mendi hegala egonkortu dela-eta urtarrilean izandako luizia garbitzeko eta ingurua lehengoratzeko lanak egingo dituzte datorren astean.
Urtarrilaren 26an Donostia kalean izandako luizia datorren astelehenetik aurrera garbituko dute, Hondarribiko Udaleko Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzu zinegotziak jakinarazi duenez. Santiago kalerantz gertatu zen lur jauzia, eta hasieran esku hartu bazuten ere, mendi hegala egonkortu dela-eta ingurua garbitzea eta lehengoratzea ezinbestekotzat jo du arduradunak: “Urgentziaz enpresa bat kontratatu eta egokitze lanak egin genituen. Orain, lur horiek egonkortu egin dira eta ingurua aurretik zegoen bezala utziko dugu”.
Astelehenean (hilak 15) goizeko 07:00etan itxiko dute Donostia kalea, eta aurreikuspenen arabera, astebeteko iraupena izango du esku hartzeak. Girizi kaletik desbideratuko dute trafikoa lanak burutu bitartean.