Itsaspeko nazioarteko zinema protagonista bihartik
Bihar eta etzi garatuko da jaialdiaren azken ekitaldia; ur azpian grabatutako 21 film labur eta dokumental bat proiektatuko dituzte, horietako bat, Hondarribiko uretan grabatutakoa.
XII. Itsaspeko Nazioarteko Zinema Zikloarekin (CIMASUB) gozatzeko aukera izango dute hondarribiarrek bihar eta etzi Itsas Etxea auditoriumean. 21 film labur eta dokumental bat proiektatuko dituzte, debalde, 19:00etatik aurrera. Ikus-entzunezko lanetako bat Hondarribiko uretan grabatuta dago.
Gaur goizean eman dute jaialdiaren berri David Sanchez arduradunak eta Juan Luis Silanes Kultura, Kirola eta Ingurumen zinegotziak. “Gure itsasoak zer nolako egoeratan dauden ikusteko parada bikaina da”, adierazi du Sanchezek, “aspaldidanik datorren arazo bat da, gaur egun, oso handia dena”. Problematika ikusaraztea eta kontzientziak piztea dela helburua nabarmendu du, halaber, arduradunak. Silanesek bere aldetik, udalaren eskaintza “aberastera” datorrela zikloa agerian utzi nahi izan du.
1975. urtean ekin zioten nazioarteko zinema zikloari, eta geroztik, udalerri ugarietara iritsi direla adierazi du Sanchezek. Oraingoan, Hondarribian izango da hitzordua eta “mereziko” duela argi utzi nahi izan du. Bertakoei zein bisitariei luzatu diete Silanesek eta Sanchezek gerturatzeko gonbita.
Sarrerak doakoak diren arren gonbidapenak jasotzea ezinbestekoa dela gogorarazi dute. Bertan eskura ditzakete sarrerak interesdunek.