Eusko Jaurlaritzak migranteen iritsiera masiboari aurre egiteko diseinatutako kontingentzia planaren barruan, 94 ohe prestatu ditu Gurutze Gorriak Jostaldi pilotalekuan, gaur arratsaldean prentsa aurrean ezagutarazi dutenez. Hondarribiko Udalak azpiegitura baten laguntza eskaera jaso zuela asteburuan adierazi du Txomin Sagarzazu alkateak, eta egoerari erreparatuta, «gerta daitezkeen beharrei erantzuten» lagundu nahi dutela erantsi du.
Migranteak nola iritsiko diren Hondarribiraino galdetuta, “gai asko jorratu gabe” daudela oraindik Jaurlaritzarekin onartu du Sagarzazuk. Izan ere, elkarrizketak asteburuan hasi zirenetik, atzo neurketak egin eta gaur goizean ekin dietela prestaketa lanei Jostaldin jakinarazi du, eta argi utzi nahi izan du ez dela udal erakundea izango erabakiak hartzen dituena.
Gurutze Gorriko Migrazioetarako Euskadiko arduradun Nahia Lopez de Corcuerak, bere aldetik, azpiegitura bihar atontzen bukatuko dutela zehaztu du. Areago, kazetarien galderei erantzunez, «zaila» dela aurreikuspenak egitea gaineratu du: «Gunea prest egongo da, eta behar izanez gero, zerbitzuak eskainiko ditu». Horien artean, garrantzitsuena aterpea ematea dela berretsi du, eta zerrendatu duenez, baita ere “janaria, dutxak, wifi konexioa, mugikorrak kargatzeko aukera…”.
Gogoratzekoa da Irungo azpiegiturek gainezka egin ondoren, hamabi migrantek Juan Sebastian Elkano aterpetxean igaro zutela pasa den asteburua.