«Euren bidaia jarraitzen saiatzen direnen aurkako kontrol arrazistak salatu nahi ditugu»
Migrante talde handiak jaso ditu azken egunotan Irungo Harrera Sareak. Muga itxita egonik, Irunen inbutu moduko bat sortzen ari dela salatu dute.
Migranteen jarioa Irunen zeharo handitu da azken egunotan, eta joan den asteburutik migranteek zein boluntarioek pairatu behar izan dituzten egoeren gaineko irakurketa elkarbanatu nahi izan du Irungo Harrera Sareak irundarrekin. Boluntarioak oso kezkati agertu dira egoerarekin, izan ere, haien arabera, inbutu moduko bat sortzen ari da Irunen, migranteei ez baitiete Irun eta Hendaia arteko muga pasatzen uzten.
«Euren bidaia jarraitzen saiatzen direnen aurkako kontrol arrazistak salatu nahi ditugu. Gaur gauean adibidez, polizia frantsesak zortzi emakume eta hiru haur kanporatu dituzte, inolako berme prozesalik gabe», esan dute amorruz. Zentzu horretan erakundeei eskatu diete baliabide guztiak migranteen eskuetara jartzeko, «kanporaketa eta arrazakeria horrekin amaitzeko» asmoz. Era berean, Europar Batasunaren migrazio politikek milaka pertsonen bizitzak hondatu dituela erantsi dute.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako immigrazio eta asilo zuzendari Xabier Legarretak atzo bertan «horrelako egoerei erantzuna emateko gai izan behar garela» esan zuela gogoratu dute, eta sareko kideei ere mezu berbera helarazi ziela. Beraz, positiboki baloratu du sareak Eusko Jaurlaritzaren jarrera aldaketa, baita ere Irun eta Hondarribian aterpetxe berriak zabaltzea.