Teresa Errandonea (ia) bikain
Finalerako pauso batera geratu zen Europako Pista Estaliko txapelketan, Torunen. Orain, Olinpiar Jokoetarako sailkatzea espero du BATeko atletak.
Teresa Errandonea atleta forma fisiko onean dagoela begi bistakoa da, eta Europako Pista Estaliko Txapelketan berretsi ahal izan da, asteburu honetan. BAT Bidasoa Atletiko Taldeko lasterkaria ia bikain ibili da; ia, ez duelako lortu finalera jauzi egitea, baina egindako lana ia perfektua izan da.
Larunbatean hasi zen bere ibilbidea, Torunen (Polonia). 60 metro hesi lasterketan final erdietara sailkatzeko lasterketa zuen aurretik. Errandoneak ez zuen hutsik egin, eta hirugarren geratu zen 8.09 segundoko denborarekin, urteko denbora onenetik gertu. Horrekin final erdietara sailkatzea lortu zuen.
Hurrengo egunean izan zen. Oso zaila zuen finalerako txartela eskuratzea 8 segundotik beherako denbora erdietsi beharko zuelako, baina ongi hasi zen. Lehenengo irteera benetan ona izan zen, baina baliogabekoa, Karolina Koleczek (Polonia) eta Nooralotta Neziri (Finlandia) irteerengatik.
Bigarren irteeraren ondoren, laugarren egitea lortu zuen, 8,10 segundoko denborarekin, baina ez zen nahikoa izan finalera sailkatzeko. Azkenean hamahirugarren tokian geratu zen Europako Pista Estaliko Txapelketan.
“Sentsazio onak”
Errandonea pozik dago egindako lanarengatik, baina pixka bat gehiago borrokatu zitekeela uste du, “baina hesi lasterketan edozer gauza gerta daiteke”. Edonola ere, “sentsazio onekin” geratu da.
“Denboraldi guztiak ezin dira perfektuak izan, baina neguko denboraldi guztiak 8 segundo edo 8 segundoren azpitik bukatu ditut, eta horrekin geratzen naiz”, gaineratu du.
Orain helburua Olinpiar Jokoetarako sailkatzea dela esan du: “Ongi kokatuta nago, jokoetara joango diren 40 korrikalarietatik 33.en, eta minik hartzen ez badut, posizio hori hobetzeko itxaropena dut”.
BAT “oso harro” agertu da Errandoneak egindako lanaren aurrean, “ez soilik maila honetako atleta bat gure artean egoteagatik, baizik eta bera hazten ikusteko aukera izan dugulako”. Are urrunago iristen lortuko dutela aurreikusi du BATek. Olinpiar Jokoetarako sailkapena izan ezik, aire libreko txapelketari begira ere, “zerbait handiarekin amets egiteko sentsazioak” utzi dituela iritzi dio.