Irun inbutu bihurtuko den kezka azaldu du harrera sareak
Geroz eta migratzaile gehiago ari dira iristen Irunera, eta eurentzat prestatutako azpiegiturak beteta daude. Gaur gauean, 96 lagunek egin dute lo Irunen eta Hondarribian.
Hogei bat migratzaile hurbildu dira 10:00etan, San Juan plazara, harrera sarearen aholku eta laguntza bila. Mutilak dira gehienak, eta gazteak. Azken asteotan geroz eta migratzaile gehiago etortzen ari da Irunera. Gaur, gauean, esaterako, 96 lagunek egin dute lo Irunen eta Hondarribian prestatu dituzten guneetan: Belaskoenean 60ek, erromesen aterpetxean 30ek eta Hondarribiko aterpetxean hamabik. Horrez gain, 110 afari banatu dituzte. Gaur, migratzaile gehiago espero dituzte, eta asteburuari begira, are gehiago.
“Kanaria uharteak husten ari direnez, gero, penintsulatik Irunera ari dira etortzen”, azaldu du Josune Mendigutxia Irungo Harrera Sareko kideak. Muga zeharkatzea da euren asmoa, Frantzian dituztelako euren familia eta lagunak, eta hizkuntza bera hitz egiten dutelako. Frantziako poliziak, ordea, kontrolak zorroztu ditu, eta geroz eta zailagoa zaie euren helburua gauzatzea. Mehatxu terrorista eta osasun krisia kontrolatzeko direla esan arren, Mendigutxiak argi du arrazakeria dagoela horren guztiaren atzean. “Azken finean, ni Frantziara joaten banaiz zerbait egitera, PCR negatibo bat aurkeztu behar dut, baina beraiek, zuzenean, ezin dira sartu, nahiz eta PCR negatiboa aurkeztu”.
Astez aste migratzaile gehiago datozen heinean eta muga zehartzeko dituzten aukerak murriztuz, Irun inbutu bihurtuko den kezka agertu du Mendigutxiak. Asteburu honetan, esaterako, 120 lagun iritsi dira, baina aurrekoan 90dik gora. Bestalde, muga zeharkatzea hamarretik bik-edo lortzen dutela jakinarazi du harrera sareko boluntarioak.
Egoera horren aurrean, dagoeneko migratzaileentzako dituzten azpiegiturak beteta dituztela jakinarazi du harrera sareko kideak, eta, nahiz eta asteburuan espazio eta ohe gehiago ireki diren, horiekin ez dela nahikoa: “Toki handiagoak behar ditugu, frontoi gisako bat edo Ficoba bera, aireztapena egongo dela bermatzeko”. Gaur gauean, esaterako, gautxoriek hiru lagun ikusi dituzte kalean lo egiten.
“Zerbait prestatu behar da jendea zaintzeko”
Erakundeekin harremanetan jarri dira egoeraz ohartarazteko, baina orain arte lortutako erantzun bakarra lanean ari direla izan da, boluntarioaren esanetan. Bien bitartean, soinua egiten jarraituko dutela jakinarazi du: “Jendea ataskatzen bada, zerbait prestatu beharko dute jende hori zaintzeko”.
Migratzaileek, gainera, Hondarribira ez dutela mugitu nahi azaldu du Mendigutxiak, ez dutelako Irundik atera nahi: “Guk zubira joateko esaten diegu, han saiatzeko pasatzen, eta ez badute lortzen, bazkaltzera etorri eta berriro hara joateko, lortu arte”.
Hain zuzen, Irungo Harrera Sareak kokagunearen informazioa, eta muga zeharkatzeko dituzten aukeren berri ematen die migratzaileei; autobusak, trenak edo oinez dituzten ibilbideen berri emanez. Europan, gizon eta emakumeen arteko harremanak nolakoak diren ere azaltzen diete, baita haurrekin etortzen diren emakumeei edota adin txikikoei zein eskubide dituzten jakinarazi ere. Otorduez eta lo egiteko azpiegiturez Gurutze Gorria arduratzen da.
Mutil gazteak
Oraingo oldean, batik bat mutil gazteak etorri direla azaldu du Mendigutxiak, eta Malikoak direla. Komunean duten ezaugarri nagusia denak Kanaria uharteetatik datozela da, eta hango hoteletan egon direnak.