[Erreportajea] Emakumeak kaleetara
Kaleei pertsonen izenak jartzen dizkiete ohore egiteko asmoz, edota herritarrentzat eredu izan daitezen. Hala uste du Mertxe Tranche ikertzaileak. Hortaz, kaleen izenak sinbolikoki garrantzitsuak direla jakina da. Emakumeen izena dutenak, ordea, apenas daude.
Herri edo hiriekin lotura duten pertsonen izenak topa daitezke Irungo eta Hondarribiko kale izendegietan, Luis Mariano, Sabino Arana edota Serapio Mugika, esaterako. Memoria historikoari keinu egiten zaio horien izenak kaleetan jasota edukiz, eta ezin da pentsatu ausaz erabakitako izenak direnik. Bidasoan izen-abizenekin dauden kale gehienek, gizon izena dute. Artean ere joera berdina nabari da Irunen.
Gizonenak diren eskulturek izen propioa dutela zehaztu du Mertxe Tranche ikerlariak, Pio Baroja edo Luis Mariano adibidez. Aldiz, emakumeak diren eskulturek ez dute izen abizenik, Kantinera, Etxeko andrea edota Lamiak dute izena. Gainera, Etxeko andrea eskulturaren kasuan Tranchek salatu du, Irungo Udalak emakume horren izen-abizenak bazekizkiela, baina identitaterik gabeko izen bat jartzea erabaki zutela azkenean, azalpen gehiegirik eman gabe.
Orokorrean, kale bati pertsona baten izena jartzeko asmoa dagoenean, balioan jartzen diren pertsona eredugarriek faktore zehatz batzuk izan ohi dituzte komunean, Tranchek adierazi duenez. Esate baterako, aberastu diren gizonak dira, militarrak edo gizon zientzialariak. Emakumeak ez dira balio horiengatik oroituak izan, hortaz, kale batek emakume baten izena izan dezan, eredu izatearen balioak aldatu beharko liratekeela uste du Tranchek, bestela ez omen da sekula ezarritako balio horiekin bat egiten duen emakume izenik topatuko bertako kale eta plazetan.
Tranchek ikertu zuenez, Irunen Jose Peña kalea izan zen pertsona baten izena eduki zuen lehen kalea, nahiz eta gaur egun Peña kalea bezala jasota egon. Gizon hau Puerto Ricora joan zen, eta aberastu egin zen. Euskal Herrira itzultzerakoan sifilisak jota hil, eta bere ondasunak herriko txiroenei utzi izanagatik egin zen ezagun. Jarrera hori omendu nahian jarri zitzaion izen-abizenez osatutako lehen kaleari izena Irunen, 1883. urtean.
Emakume izenez osatutako Irungo lehen kalea, Maria Juncal Labandibar izan zen. Hura Behobian jaiotako olerkigilea izan zen, eta auzo horretan dago bere izena duen kalea. Arrakasta izan zuen batez ere Irunen, eta bere poesia batzuk El Bidasoa aldizkarian argitaratu zituzten. Gazte hil zen Labandibar, eta herrian samina eragin zuenez, udalak olerkigileari kale bat eskaintzea erabaki zuen.
Duela hamabost urte Tranche ahalduntze ikastaro bat ematen ari zela, bere ikasleei galdetu zien ea zenbat kale zeuden Irunen ama birjinak edo erreginak ez ziren emakume izenekin. Ikasle batek hori aztertzeari ekin zion, eta honakoa erantzun zuen: Irungo 400 kaleetatik, bik dituzte emakumeen izenak, zehazki, Maria Juncal Labandibar eta Prudencia Arbide. Desoreka eta diskriminazioa agerian geratu zen orduan.
Bost bat urte geroago, Irungo Bilgune Feministak (IBF) Emakumeen Kontseiluan eman zuen desoreka horren berri, hori aldatzeko bidean jartzeko. Kaleei emakumeen izen-abizenak jartzeko eskatu zuten, eta Irungo Udalak baiezkoa eman zien. Orduan, izen zerrenda bat osatu zuten IBFk eta Tranchek berak, guztira sei izen proposatu zituzten: Dolores Salis, Maritxu Anatol, Poxpologileak, Inudeak, Jostunak eta Estraperlistak. Gerora, 2010. urtean, Irunen Dolores Salis izena jarri zioten Larreaundi auzoan eraiki zuten kale berri bati, eta ondoren udalak izen frankista zuten kale batzuen izenak kendu nahian, Maritxu Anatol, Martxoak 8 eta Poxpologileak jartzea onartu zuen haien ordez. Irungo kale izendegiaren zati dira jada. Beste prozesu batetik eratorrita, ordea, Nagore Laffage Casasola irundarrak ere badu plaza bat Palmera Monteron, 2019tik. Akaso, eredu eta balioak eraldatzen ari den seinalea izan daiteke hori guztia.
Hondarribian, Emekiren lanketa
Antzeko bidea jarraitu zuten Hondarribiko Emeki elkarteko kideek. 1991. urtetik urtero emakume bat omentzen du taldeak Martxoaren 8ko egitarauaren barruan. «Ez dute zertan katedradunak izan behar, herrian ezagunak besterik gabe izan daitezke», azaldu du Maria Jesus Berrotaran elkartekideak. Izan ere, Tranchek aipatzen zituen eredu izatearen balioak eraldatzeko asmoz, herriko emakumeen istorioak hartzen dituzte aintzat, ez derrigorrez biografiak.
Iruñeko ahalduntze eskola bateko arduradunarekin izan zuen harremana Emekik istorioen irizpidea aintzat hartzeko. Nafarroako herri txikietan emakume desberdinen istorioak jasotzen ibilia zen arduradun hori, ez biografiak. Eta ideia hori jarraituz Emekikoek herriko emakumeen izenak eta istorioak jasotzea erabaki zuten iaz. «Jende askok zekien nor ziren emakume horiek, baina ez zekiten haiei buruzko informazioa non eskuratu. Orduan, gu tresna bat sortzen saiatu gara», adierazi du Emekiko kide Aintzane Carrillok. 28 emakume eta sei kolektiboren istorioak biltzea lortu zuten: Lurdes Zubeldia, Maritxu Arranbide edota Ixabel Alkain; saregileak, sorginak edo Katsikas taldea, besteren artean. Izen eta istorio horiekin liburu bat sortu zuten Hondarribiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru laguntza bati esker: Aintzina eta gaur. Orotara, 2.500 ale argitaratu zituzten, eta gaur-gaurkoz 50 bakarrik daude eskuragarri.
Liburua idatzi bitartean, emakume horiei herrian lekua egin behar zitzaiela argi zuten, eta ikertu zuten Hondarribian bost kalek zeukatela izen femeninoa: Damarri, Guadalupeko Ama, Kattalin Erauso, Madalen eta Santa Engrazia. Emekik udalari hamar bat proposamen aurkeztu zizkion, Amalur, Martxoak 8 edota Bienvenida Emazabel horien artean.
Izen proposamenak aurkeztu zituztenean bai Irunen eta bai Hondarribian, kaleen izenak ezin zirela aldatu esan zieten tokian tokiko udaletatik. Izan ere, kale baten izen aldatzeak bizilagunengan eragin handia izango luke, helbidea aldatu behar luketelako derrigorrez hainbat paperetan. Beraz, Bidasoko udalek kale berriak sortzerakoan haien proposamenak kontuan hartuko zituztela baieztatu zuten.
Ezin aldatzearen arrazoia ulertu zuten eskualdeko emakumeek, eta izenik ez zuten lekuen bila jarri ziren. Plazak ziren, batez ere, izenik ez zituzten lekuak, eta askotan plazetan jenderik bizi ez denez, izenik ez zuten plazak eta plazatxoak topatzeari ekin zioten.
Identifikazio lanketa hori amaitzerakoan, udalei leku horiei zein izen jarri proposatu zieten. Hondarribian, adibidez, Ermandadea eta San Pedro kaleko elkarguneari Sare Konpontzaileak izena jar ziezaioten eskatu zuten, baita bertan dagoen pasabidean sare konpontzaileen irudiak jartzeko ere. Hondarribiko Denda kaleko 5. eta 7. atarien aurrean dagoen plazatxoari, Agustina izena jartzea nahi du Emeki elkarteak aldi berean, eta oraingoz bertan elkarteak jarritako Agustinaren txokoa plaka ikus daiteke.
Alta, Hondarribian, Correosen eraikinaren ondoan dagoen izenik gabeko plazari Martxoak 8 plaza izendatzea lortu du Emekik. Pozik daude emandako pausoarekin, baina gehiago egiteko prestutasuna azaldu dute.
Parean ere lanean
Itxarote garai haietan, Irungo Parean elkarteak ikastetxeetan gai hori lantzea proposatu zuen. Ikastetxe bakoitzak nahi zuen herriko emakume bat aukeratu behar zuen, eta hari buruz lanketa egin. Oihana Llorentek azaldu du, Txingudi Ikastolan Leire Landa futbol jokalaria izan zutela hizpide, eta Dunboa ikastetxean Poxpologileak, adibidez. Behin lanketa hori eginda, Irundik bi paseo interaktibo sortu zituzten, bat izen-abizenez osatutakoa eta bestea kolektiboen izenez osatutakoa. Ibilbideetan emakume horien istorioak edo biografiak kontatzen zituzten.
Gaur egun, Parean elkartearen web orrialdean daude ikusgai bi paseoak, eta Irungo emakumeak plazara izeneko dokumentala ere sortu dute istorio horiek kontatzeko eta jendartean zabaltzeko. Paseo hori norberak bakarrik egiteko proposamena aurkeztu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta geldiune bakoitzean QR kode bat jartzea dute asmo, hori eskaneatuz audiogida baten bidez paseoa egin ahal izateko aukera garatzenari dira.