Gaurko 21:00etatik eta 24 orduz, AP-8 autobidea erabat itxita Irunen
Donostiatik edo Lapurditik datozen autoek ezin izango dute erabili Behobia eta Irungo ordainlekuaren arteko zatia, Desbideraketak egingo dituzte.
Bidegik jakinarazi duenez, gaurko (larunbata, martxoak 6) 21:00etatik, biharko (igandea) 21:00etara, Irungo ordainlekutik Behobiaraino erabat itxita izango da, bi noranzkoetan, AP-8 autobidea. Irungo hegoaldeko saihesbidearen lanak egin behar dituzte inguru horretan, eta horregatik 24 ordu horietan ezin izango du inork autobidea erabili.
Beraz, bitarte horretan autobidetik (Donostiatik, Lapurdirako noranzkoan) doazenak, Irungo ordainlekutik atera eta Gi-636 errepidea hartu beharko dute, Zaisako biribilgunera iritsi arte. Handik, eta N-121 errepidearen zati bat erabiliz itzuli ahal izango dira autobidera, Behobia-Biriatu ingurura.
Lapurditik datozenek, Behobiako irteeratik atera behar dute N-121 errepidera, handik Zaisako biribilgunera joan, eta Gi-636tik berriz ere AP-8ra itzuli ahal izateko Irungo ordainlekutik (Txingudi merkataritza guneko sarreratik).
Bidegik jakinarazi du ingurua egoki seinaleztatua egongo dela.