[Galeria] Eredu bat eta altxor bat
Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria eman, eta 'Aurrera egin badugu' dokumentala estreinatu zuten atzo goraino bete zen Itsas Etxea auditorioan.
Itsas Etxea auditorioa lepo bete zen atzo arratsaldean, beharrezkoak diren osasun segurtasun neurriekin. Jaizkibel konpainiak 2020ko Hondarribia Berdintasunaren Hiria emateko, eta aldi berean Aurrera egin badugu dokumentalaren estreinaldia egiteko ekitaldia izan zen. Emozioa oholtzan, publikoan, pantailan… Itsas Etxean eredu bat eta altxor bat bildu ziren.
Hendaiako Danborradak jaso zuen iaztik atzeratzen izan den Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria. Marian Emazabel Jaizkibeleko tenienteak hartu zuen hitza lehenik. Sarrera gisara esan zituenen artean, nabarmendu zuen hasieratik Hendaiako Herriko Etxeak iniziatiba hartu zuela Hendaiako Danborradan emakumeek parte har zezaten, berdintasun katea sortu zela hasieratik.
Hendaiarren ordezkari Hondarribian Txema Egiguren izan behar zen, baina osasun arazoengatik ezin egon Itsas Etxean, eta haren seme-alabek ordezkatu zuten. Garbiñe Biurrunek (Hondarribia Berdintasunaren Hiria sariaren epaimahaiko kide da, Maddalen Iriarte eta Juan Jose Lapitzekin batera) eman zien saria irudikatzen duen konpainiaren zapi koloretsua.
Seme-alabek esan zuten hasieratik ulertu zela Hendaiako jaiak denenak zirela, alderik gabe ez genero aldetik ezta kondizio aldetik ere. “Hona etorri gara zuen egoera korapilatsua ezagututa, gure berotasuna adieraztera Kale Nagusira hainbat urtetan. Aurrera ekin, bide zail eta bidegabean bada ere, borrokak emaitzak emango ditu”, esan zuen alabetako batek. Hendaiatik etorritako jendearentzat frantsesez ere irakurri zuten testua.
Dokumentala
Atzoko ekitaldiaren bigarren zatia Aurrera egin badugu dokumentalarentzat izan zen. Oihana Etxebarrieta Jaizkibeleko kideak eta Julen Hernandez ikus-entzunezkoaren zuzendariak egin zituzten atariko solasaldiak. Etxebarrietak nabarmendu du Donostian eta Tolosan, adibidez, berdintasunezko urratsak egin dituztela jaietako esparruan, eta Hondarribian ere halakorik egitea posible dela. FHernandezek bere aldetik eskerrak eman zizkion Jaizkibel konpainiari nahiz Etxebarrietari (“nire eskuin-eskua izan zara”). Dokumentalari ekin diote jarraian, elkarrizketa intimoz osatutakoa, “konplizeen arteko solasaldiak dira”, zuzendariaren arabera.