[Galeria] Ukoaren zubien gainetik, mugak hausteko
Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko V.Ekintzak gau izan du azken geltokia, Irun eta Hendaia artean. Ehunka izan dira mugen suntsitzea aldarrikatu dutenak.
Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko V. Ekintza gaur bukatu da, Irun eta Hendaia artean. Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez! leloarekin 2020ko urriaren 17an abiatu zen, eta herriz herri ibili ondoren, gaur bukatu da, Martxoaren 8tik hurbil, Gipuzkoa eta Lapurdi bereizten dituzten zubietan. Otsailaren 26an, adibidez, Errenteria-Oreretara iritsi zen mugak, migrazio politikak eta transnazionalen jokabidea ukatzeko martxa.
Hendaiatik lehenik martxa bat atera da Ipar Euskal Herriko talde feministen ekimenez. Zutabe hori Santiagoko zubiraino iritsi denean Bidasoa ibaiaren hegoaldeko herrikideek bat egin dute martxarekin: irrintziak, “gora borroka feminista”, edo “ez, ez ez mugarik ez” gisako aldarriak entzun ahal izan dira Bidasoa zeharkatzen zuten bitartean.
Zeharo handitu da mobilizazioa bertan, ehunka baitziren Ficoba inguruan zain zeundenak, milatik gorako martxa izan arte. Handik Irun erdialdera egin du segizioak, San Juan plazara, hiriaren erdi-erdira.
Handik berriz ere Irungo zubietara bueltatu da mugak suntsitzea aldarri zuen ekintza, zehazki Etorbidearen zubira: han, Euskal Herri guztian bildu dituzten oihalak batu dituzte (Oarso Bidasoko herrietako emakumeek egindakoak barne), emakumeak lerroetan jarri dira zubi osoa okupatuz, eta artista batek performancea egin du haien erdian: dantzarekin, musikarekin eta arte espresioarekin bukatu da Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko V. Ekintzaren bidea. Mugen suntsitzea irudikatu du sortzaileak.
“Mugak, migrazio politikak eta transnazionalen jokabidea” salatu dituzte Euskal Herri osoan gaur arte antolatu dituzten dozenaka ekintzetan, eta gaurko bukaera ekitaldian ere mezu hori jarri dute erdigunean. Ainhoa Olaso Euskal Herriko Bilgune Feministako kidearen arabera, mundu mailan oso agerikoak diren hainbat “zapalkuntza eta esplotazio” Euskal Herrian bertan hasten dira. “Gerra asko Europan hasten dira, armak hemen ekoizten baitira. Beraz, gure pribilegioen gainetik, euskaldun eta europar modura, ardurak hartzea ere badagokigu”, zehaztu du.