Gordailuak hiru pieza utzi dizkio Oiasso Museoari
Erdi Aroko hiru hilarri dira, eta ekainaren 30era arte egongo dira Oiasso museoan. 'Gordailua Oiasson' proiektuari esker utzi dizkiote piezok museoari.
Gordailuak hiru euskal hilarri utzi dizkio Oiasso Museoari, eta ekainaren 30era arte ikus ahal izango dira. Hilarriak Erdi Arokoak edo ondorengoak dira, hau da, kristauak, nahiz eta batzuek ikur paganoak dituzten. Erromatarrek hilarriak lantzen zituzten hildakoen omenez, eta oroitzapenezko idazkunak jartzen zituzten pieza horietan frogatu daitekeen bezala.
Pieza horiek Gordailua Oiasson proiektuari esker utzi dizkiote museo erromatarrari. Irungo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza egitasmoa da hori, eta Oiasso Museoko toki zehatz batean jartzen dituzte lagatako piezak ikusgai.
Oiasso Nahieran
Troiako Gerra, historia eta mitoa. Kaligula, eromena eta krimenaren artean. Antzinateko zazpi mirariak. Nortzuk ziren Bagaudak? Lau gai horien artean aukeratu beharko dute txiolariek Oiasso Museoko hurrengo aurkezpena zein izango den zehazteko. Twitterren gehien bozkatua izan den gaia aurkeztuko dute, ondoren, hilaren 24ean, Oiasso museoan, 19:00etatik aurrera. Hilaren 8tik 14era eman ahal izango da botoa.
Txangoak
Museoak 15 urteko ibilbidean hainbat bidaia eta txango antolatu ditu, eta, orain, horien argazkiak bildu nahi ditu. Horretarako, nahikoa izango da egilearen izen-abizenak, harremanetan jartzeko datuak, bidaiaren datuak eta data eta orduko oroitzapen bat igortzea posta elektroniko honetara. Horiekin guztiekin erakusketa bat antolatuko du Oiassok.