[Elkarrizketa]: "Emakumeek rol garrantzitsua daukate gure komunitatean"
Emakume, ijito eta feminista bezala, estereotipoak apurtzen dihardu irundarrak, baita Martxoaren 8aren harira mugimendu feministaren barruan ere.
Emakumea, ijitoa eta feminista bezala definitzen duzu zure burua. Nola sartu zen feminismoa zure bizitzara?
Betidanik izan ditut helburuak nire bizitzan, gauzak aldatzeko nahia, borrokatzeko, ez emakume ijitoen alde bakarrik, baizik eta emakumeen alde. Batez ere, nire kulturak bultzatuta, duela sei urte Sim Romi Gipuzkoaqe elkartea ezagutu nuen. Erromanieraz dago idatzita, eta Gipuzkoako emakume ijitoak esan nahi du. Beraien jardueretan parte hartzen hasi nintzen, ahalduntzea, inork gure eskubideak ez kentzea eta gure bizitza askatasunez bizitzea bezalako kontzeptuak lantzen. 18 urterekin eurekin lanean hastea proposatu zidaten, eta hortik aurrera, nire burua, nire pentsamenduak, feminismora hurbiltzen joan dira. Elkartea ez balitz existituko agian nire kabuz egingo nukeen ibilbide hori, baina emakume ijitoaren ikusaraztea lantzen asko lagundu dit elkarteak.
Elkarteak, era berean, beste emakume ijitoak ezagutu eta sareak egiteko balio izango zizun.
Hori da, erreferenteak ezagutzen joan naiz.
Zeintzuk izan dira erreferente horiek?
Orain nire lankide direnak. Rosa Jimenez, esaterako. Emakume ijitoa da, eta bizitzaren aurrean daukan jarrera niretzat ereduzkoa da. Elkartetik kanpo, nire ama izan da erreferenterik onena, etxean ikusi ahal izan dudalako. Berak bere adinarengatik, ez ditu izan nik izan ditudan aukera berberak bizitzan zehar. Orain, ni, berak egin ezin izan zuena egiten ari naiz. Ahalduntzearen ikuspegia eman dit amak. Lau seme-alaba izan ditu, eta emakumeak, gure etxean, boteretsuak izan gara. Hori izan da benetako erreferentea.
Emakume ijitoak, oro har, ahalduntzen ari dira?
Denetarik dago. Nire familian, ni izan naiz lehena ikasketak egiten, DBH, erdi mailako ziklo bat, eta gehiago egiteko asmoarekin. Nire familian ni izan naiz moldeak apurtu dituena lehena. Elkartean, berriz, nire lankideak izugarriak dira, ikuspegi feminista dute, eta euren bizitzan emakume ijitoak izanda gauza garrantzitsuak lortu dituzte. Niretzat eredugarriak dira: ‘Beraiek lortu badute, nik zergatik ez?’.
Sim Romi Gipuzkoqe elkartean zer lan egiten duzue?
Emakumeentzako ahalduntze jarduerak eta tailerrak egiten ditugu, Irunen. Adibidez, arrakasta handia izan zuen euskara tailerrak. Azken finean, ama batzuk ez dakite euskaraz, eta euren seme-alabei etxeko lanak egiten laguntzeko behar dute. Urtero emakume ijitoen jardunaldi batzuk ere egiten ditugu. Bertan parte hartu izan dute libururen bat idatzi duten emakume ijitoek, unibertsitate ikasketak egin dituztenek, baita emakume ijitoei buruzko ikerketak egin dituztenek ere. Horrez gain, aisia jarduerak ere egiten ditugu, emakume ijitoek ere euren momentua izan dezaten, arnasa hartzeko, deskonektatzeko, hitz egiteko… Laguntza integrala eskaintzen dugu, eta, besteak beste, lana aurkitzen ere laguntzen diegu.
Nolakoa da emakumea eta ijitoa izatea Euskal Herrian? Zailtasun gehigarriak izango dituzue…
Gutxiengo etniko bat gara, existitzen diren gutxiengo etniko handienetako bat. Pribilegioak, beraz, ez dira besteenak bezalakoak. Diskriminazio hirukoitza jasaten dugu emakume izategatik, pobre izategatik eta batez ere ijito izateagatik. Gero, gaineratzen joaten da sexu orientazioa edo generoa ere espero direnak ez badira. Egun batean jardunaldi bat egin genuen neska gazteekin, hezkuntzaren bidez ahalduntzeari buruz. Azken finean, ikasketak ez badituzte, oso zaila izango zaie bizitzan aurrera egitea. Beraiek esaten ziguten ‘baina zertarako? Gero ez gaituzte-eta kontratatuko’. Nahiz eta ongi jantzita joan, edo oso makillatuta ez joan ijito itxura izan ez dezaten, euren abizena beti agertuko da. Eta hori nabarmentzen zuten beraiek, ‘zertarako? Gero ez gaituzte-eta kontratatuko’. Aldez aurretik beti pertsona onak garela frogatu behar dugu: alboan zure poltsa edo sakelakoa uzten badidazu, ez dizudala lapurtuko, edo denda batean lan egiten badut, eta kutxaz arduratu behar banaiz, ez dizudala lapurtuko. Imajinatu neska horiek zerekin aurkitu diren lana aurkitzerako garaian.
Frustrazio eta etsipen horren aurrean, nola motibatzen dituzue?
Orain dela 600 urte iritsi zen Espainiako Estatura lehen familia ijitoa. Gizarteak, ordea, ez daki ez nondik gatozen, ez gure bandera daukagula, gure hizkuntza… Hori kontuan izanda, nik neska horiei esaten diet oinarrizko ikasketak behar dituztela gure herriaren garapenean eragiteko, jendearen errespetua irabazteko eta ezagutzera emateko. Ikasketek baliabideak ematen dizkigute gure kulturan sakondu ahal izateko, eta gatazka egoeraren bat sortuz gero, argudioekin erantzuteko. Hori erakutsi nahi diet, niretzat ere oso baliagarriak izan direlako. Azken finean, gure arbasoek ez zuten ikasketak egiteko aukerarik izan, duela 60 urte baino ez zitzaielako eman ikasteko eskubidea. Horretaz aparte, independentzia ekonomikoaren bidea aipatzen diegu. Ikusarazi nahi diegu euren lan aukerek ez dutela zertan egon behar azoka ibiltarietara mugatuta, beste aukera batzuk ere badituztela.
Nola ikusten duzu emakume gazte ijito horien etorkizuna?
Badaude familia batzuk egungo egoeran ondo bizi direnak, azoka ibiltariarekin, familia gazterik edukitzen… Hala ere, aldaketa asko ikusten ari naiz neska gazteen artean. Beste modu batean pentsatzen dute, espektatiba gehiagorekin… Geroz eta neska gazte gehiago daude ikasketak egiteko asmoarekin, independente izateko gogoekin, gidabaimena ateratzeko asmoekin… Horrelako mentalitateak geroz eta gehiago ikusten dira.
Etorkizun hobea izango dute, beraz, gazte horiek.
Poliki doa, agian sei laguneko taldetik hiru izango dira, baina horrekin konformatzen naiz. Belaunaldiak behar dira, baina aldaketa gauzatzen ari dira.
Nola biziko duzue emakume ijitoek Martxoaren 8a?
2019an Bilboko manifestazioan izan ginen, eta beste mobilizazioetan ere parte hartzen dugu. Guk ere erakutsi nahi dugu emakumeen eskubideen alde borrokatzen dugula. Emakume bat ez dadila harritu gu hor ikusteaz. Emakumeon artean ere aukerak sortu behar dira elkar ezagutzeko eta elkarrekin lan egiteko. Ez lukete esan beharko ‘emakume ijito hau integratua dago’, ez; nik nahi dudana da inkluituta egotea, barnean hartzea; emakumeen arteko tratua berdinen artekoa izatea. ‘Emakume ijitoa ez da inoiz ni nagoen tokiraino iritsiko’. Oraindik horrelako pentsamenduak badaude, eta estigma horiekin apurtu nahi dugu. Alegia, emakume ijitoa ez dela librea, ez duela ekarpenik egiten, ez duela erabakitzeko ahalmenik… Gure komunitatean emakumeek rol garrantzitsua daukate, baina ezin dugu ikusarazi ez daukagulako espaziorik hori egiteko.
Mugimendu feministak bide luzea du egiteko aurretik, baina mugimenduaren barruan oraindik badago joera arraza, generoa edo klase sozialak ezberdintzeko?
Bai. Zinez min ematen dit hori esateak, baina hala da. Feminismo zuriak dituen pribilegioak onartzen ez dituen artean ezin du besteen tokian jarri. Enpatia eta ahizpatasun handia behar da horretarako. Belaunaldi zaharragoetan, agian, agerikoagoa da, baina oraindik ere gertatzen da: talde feminista batzuetatik alde egin behar izan dut, horrelako jarrerak ekiditeko. ‘Ez duzu ijitoa ematen’. Zer da, bada, ijitoa izatea?. Azken finean, ijito zapaldu bezala sentitzen gara.
Azken urteetan, ordea, ikuspegi guztiak kontuan izaten ari dira mugimendu feministak egindako deialdietan.
Bai. Nik sei urte daramatzat honetan, eta aldaketa handia sumatu dut. Esperientzia oso onak izan ditugu emakume gazteekin, gaurko feministek kontuan hartzen baitituzte zure arraza, zure etnia… Baina egia da beste talde batzuetan oraindik lan handia dagoela egiteko, ez da nahikoa feminista etiketa jartzearekin. Estereotipo asko puskatu behar ditugu.
Sim Romi Gipuzkoaqe elkarteak prestatu du zerbait Martxoaren 8rako?
Irungo kultur etxean ahalduntzearen gaineko jardunaldi batzuk egiteko asmoa daukagu, Irungo emakume ijitoekin, baina oraindik ez daukagu itxita. Argi daukaguna da Martxoaren 8a handitasunez ospatuko dugula. Deitu dituzten manifestazioren batean parte hartuko dugu emakume ijitoak ikusarazteko, eta gure banderarekin joango gara hara.