2420 kilometroko erronka gainditu du Sarek
Ehundik gora herritarren kilometroak jaso ditu Irungo Sarek, eta hiru hilabetetan Baietz 2420km! erronka osatzea lortu du.

Duela hiru hilabete bota zuen Baietz 2420km! erronka Sarek: Irungo euskal presoengandik banatzen dituzten 2.420 kilometroak oinez edo bizikletaz osatzea. Horretarako, herritarrek egindako kilometroak igorriko zizkioten Sareri, eta, kilometro guztiak batuz, erronkan botatako kilometro guztiak osatzea zen helburua.
Ehundik gora partaideren kilometroak eta argazkiak jaso dituzte denbora honetan, eta, azkenean, kontagailua zerora jaistea lortu dute. Eskerrak eman dizkiete parte hartzaile horiei guztiei.
Hiru hilabeteotan Irungo lau presoetatik hiruren egoera nabarmen aldatzeko pausoak eman direla gogorarazi du Sarek: “Aitor [Olaizola] Caceresetik Dueñasera hurbilduko dute, Fermo [Fermin Vila] Alicantetik Zuerara eta Bera [Francisco Jose Ramada] Iruñeatik Martutenera”.
Sareren iritziz, aurrerapauso garrantzitsuak izan dira presoen eskubideak bermatzeari begira zein etxeratzeko bidean, “baina gobernuek askoz gehiago egin behar dute berandu baino lehen”.
Horretarako, presoek barrutik bezala, herritarrei, kalean, “bidea egiten, indarrak batzen eta mobilizatzen” jarraitzea dagokiela gaineratu du. 2420km! erronka bete arren, benetako erronka euskal preso eta iheslari guztiak etxeratzea dela argi utzi du.
20 urte espetxean
Sarek gogorarazi duenez, martxoan, Aitor Olaizolak 20 urte egingo ditu espetxean, eta Berak ere 20 urteak bete zituen joan den irailean, eta zigorraren hiru laurdenak beteta dituenez, kalean egon beharko lukeela salatu du.
Azkenik, 20. urtemuga dela eta, martxoan zehar hainbat ekintza antolatuko dituela jakinarazi du.