Berako suteak 400 hektarea inguru erre ditu Irunen
Eider Mendoza foru bozeramaileak suteak kaltetutako Irungo eremuak bisitatu ditu gaur. Ziurtatu du «aldundiko teknikariek eremuaren bilakaeraren jarraipen zorrotza» egingo dutela, «informazio horretan oinarrituta, eremua berreskuratzeko beharrezko neurri eta ekintza guztiak hartzeko».
Orain dela bi aste Beran (Nafarroa) piztutako suteak Irungo natur gunean eragindako kalteen gaineko balorazioa egin berri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gaur bertan bisitatu du eremua Eider Mendoza foru bozeramaileak, eta bertan emandako datuen arabera, suteak 400 hektarea inguru erasan ditu; 275 hektarea publiko (Irungo udalarenak) eta 125 hektarea pribatu erre ditu.
Gipuzkoako azken hamarkadetako suterik handiena dela nabarmendu du Mendozak. Tamalgarritzat jo du suteak eragin duen «natura ondarearen galera», eta ziurtatu du «aldundiko teknikariek eremuaren bilakaeraren jarraipen zorrotza» egingo dutela, «informazio horretan oinarrituta, eremua berreskuratzeko beharrezko neurri eta ekintza guztiak hartzeko. Horri dagokionez, erabaki irmoa dugu».
Besteak beste, suteak Endarako hariztia eta Bidasoa inguruko haritzak izan dira kaltetuena, eta aldundiaren arabera, zaila da kalte horien bilakaera eta etorkizunean izango duten eragina aurreikustea. Gutxienez udaberria amaitu arte itxaron beharko dela diote, benetako balantzea egiteko.
«Endarako sakanaren maldetan higadura arriskua dago, eta, beraz, jarraipen bat egingo dugu landaretza modu naturalean birsortzen den edo birpopulaketak egin behar diren ikusteko. Kasu horretan ere itxituren beharra dagoen aztertu beharko da. Horrez gain, ikusi beharko da Endara bere lehengo egoerara itzultzen den, garrantzi hidrologikoa eta paisajistikoari dagokionez, egin beharreko lanak osatzeko», erantsi du bozeramaileak.
Amaitzeko, lankidetza «funtsezkoa» izan dela esan du gaurko bisitan, eta eskerrak eman dizkie sutearen aurkako borrokan aritutako suhiltzaile, basozain, ertzain, Babes Zibil, udaltzain, Gurutze Gorria eta Gipuzkoako DYAri. «Denek eman zuten onena eta elkar harturik lan egin zuten; horri esker ez genuen hondamendi handiagorik izan».