Hondarribia gailendu da gizonetan, eta Orio emakumeen artean
Hondarribiko XXI. Traineru Jaitsiera egin zuten larunbatean hondartza parean; emakumeen boteak laugarren postua eskuratu zuen.
Hondarribiko XXI. Traineru Jaitsiera egin zuten larunbatean hondartza parean. 31 botek parte hartu zuten denera, eta Hondarribia A gizonezkoetan, eta Orio emakumeetan, izan ziren garaile.
Bi metroko olatuen artean arraun egin behar izan zuten kirolariek, 20 kilometro orduko mendebaldeko haize boladei aurre eginda. Fin ibili ziren, hala ere, emakume oriotarrak eta 15.35,15 denbora lortuta lehen postuan sailkatu ziren. Haien ondotik Donostiarra sartu zen (15.43,46), eta hirugarren, Arraun Lagunak sailkatu zen (15.52,08). Laugarren sailkatu zen Hondarribiko emakumeen trainerua (15.57,44).
Gizonen kategorian, bestalde, Hondarribia A 20.25,42 marka eskuratuta gailendu zen. Donostiarra izan zen kasu honetan ere bigarren (20.39,35), eta Orio hirugarren (20.43,58).