'Junturak' izenpeko lanak irudikatuko du Martxoaren 8a
Emakumearen Nazioarteko Egunaren kartel lehiaketan parte hartutako lanekin erakusketa osatu dute Emeki elkarteak eta Hondarribiko Udalak.
Lehen aldiz antolatu dute aurten Hondarribiko Udalak eta Emeki elkarteak Emakumeen Nazioarteko Egunerako kartel lehiaketa. Horren balorazio positiboa egin dute Maria Jesus Berrotarran eta Tzane Carrillo elkartekideek, zein Maria Serrano Hiritarren Harremanetarako zinegotziak.
Azaldutako informazioaren arabera, denera, 44 izan dira parte hartu duten lagunek. “Arrakastatsua” izan da deialdia, haien arabera. Horien guztien artean, Toledoko (Espainia) Ricardo Diaz egileak aurkeztutako Junturak izenpeko lana gailendu da.
Aurkeztutako lanak “maila handikoak” izan direla onartu du, era berean, Carrillok. Izan ere, epaimahaiko kide izan da hondarribiarra, eta adierazi duenez, “zaila” izan da aukeraketa aurrera eramatea. Azkenean, baina, Diazek aurkeztutako kartelaren kolore eta formak nabarmendu ditu, eta irudikatutako M hizkiak ere atentzioa eman ziela onartu du.
Lanak Arma Plaza informazio gunean ikusgai jarri dituzte, hilaren 8ra arte. Astelehenetik larunbatera 10:00etatik 18:00etara bitartean, eta igandetan 10:00etatik 14:00etara bisita daiteke erakusketa.
Azkenik, datozen egunotarako egitaraua gogorarazi dute Emekiko kideek.