Jaizkibel urbanizazioko lanak eteteko eskatu dio PSE-EEk Hirigintza departamentuari
Segurtasun sistema pribatua ezartzeko esku-hartzeak salatu dituzte sozialistek; horretarako baimenik bat ote duten argitzeko eskatu dio udal gobernuari.
Hondarribiko PSE-EEren udal taldeak Jaizkibel urbanizazioan aurrera eramandako lanen gaineko salaketa egin du gaur komunibideetara igorritako ohar baten bidez. Segurtasun sistema pribatu baterako kamerak eta barrera bat ezartzen ari direla adierazi du Iosu Alvarez bozeramaile sozialistak. Esku-hartzea eten dezan galdegin dio Hirigintza departamentuari, eta bide batez, horretarako baimenik eman ote duen argi dezala erantsi du.
Alvarezek adierazitakoaren arabera, iazko azaroaren 23an zein abenduaren 15ean baimenik eman ote zuen argitzeko eskatu zioten bizilagunek Hirigintza departamentuari idatzi ezberdinen bitartez. Hala ere, gaur egun arte ez dutela horren gaineko erantzunik jaso salatu du ordezkariak. Are gehiago esan du Alvarezek. Izan ere, Irungo Udalari eskaera bera egin zieten auzokideek eta dagoeneko jaso dutela erantzuna jakinarazi du: “Irungo Udalak obra baimena ukatu zuen”.
Horrez gain, Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) baliogabetzeak 1996. urteko arau subsidiarioen aplikazioa dakarrela gogorarazi du Alvarezek, eta horiek ez dituztela pasabideen “itxiera” aintzat hartzen ohartarazi du.