'Lagundu argitzen' diru bilketan ekarpena egitera deitu du Bidasoko Eskubide Sozialen Kartak
Zaldibarko zabortegian gertatutakoa argitzeko epaiketak sortuko dituen gastuei aurre egiteko hasi dute bilketa. 10.000 eta 20.000 euro artean behar dituzte.
Zaldibarko zabortegian gertatutakoa argitzeko Zaldibar Argitu plataformarekin batera Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak abiatutako ‘Lagundu argitzen’ diru bilketan laguntzera deitu du Bidasoko taldeak. Bi eragileak herri akusazio gisa aurkeztu dira zabortegian gertatutakoa argitzeko, eta epaiketak sortuko dituen gastuei aurre egiteko hasi dute diru bilketa. Helburua 10.000 eta 20.000 euro artean biltzea da; ekarpenak, esteka honetan egin daitezke.
«Urte bat, zaborrezko munstroak Joaquin eta Alberto irentsi zituenetik. Iluntasunean amildu zen zabortegia, eta iluntasunak dirau gaur egun bertan. Ez da informazio gardenik eskaini, ez dira erantzukizunak argitu eta ez da egia jakiteko eta justizia egiteko pausurik eman agintari publikoen aldetik», diote Eskubide Sozialen Kartako kideek.