Maila handiko txirrindulariak ekarriko ditu Itzuliak Hondarribira
Laugarren etaparen helmuga izatea, eta bosgarrenaren irteera, erabaki du antolakuntzak; Oarsoaldea eta Bidasoa zeharkatuko ditu Itzuliak.
Euskal Herriko Itzuliak gaur ezagutarazi du aurtengo lehiaketaren ibilbidea. Apirilaren 5ean abiatuko da eta 10era bitartean luzatu, eta bost etapa horietan, geldialdia egingo du Hondarribian, zehazki, hirugarrenean eta laugarrenean, helmuga eta irteera izendatu baitute udalerria.
Hala, apirilaren 8an, Gasteiztik abiatuko da laugarren lehia eguna. Landatik (Zuia-Gorbeialdea, Araba) Gipuzkoan sartu eta Deskarga zeharkatu beharko dute lehiakideek, Alkiza, Andoain, Errenteria-Orereta, Jaizkibel, Irun, Erlaitz eta azkenik, Hondarribian amaituko da etapa. Denera, 189,2 kilometro egingo dituzte txirrindulariek.
Bosgarrena, bestalde, biharamunean hasiko da eta paisaia ezin ederragoaz gozatzeko aukera emango die lehiakide eta jarraitzaileei. Izan ere, Hondarribia eta Ondarroa (Bizkaia) arteko bidea bete beharko dute txirrindulariek, kostatik. Hala, 160,2 kilometroko erronkari aurre egin beharko diote, Jaizkibeletik hasita. Ondoren, Pasaia igaro, eta Donostiarako bidea hartuta atzean utziko dute Oarsoaldea eta Bidasoa.
Iaz ere maila handiko txirrindulariak bildu ziren Bidasoan, Irunen zehazki, Espainiako txirrindularitza probarik handienetakoa, La Vuelta, bertatik abiatu baitzen.