[Erreportajea] Lurrikararen ondoko dardarak
Auzitegi Gorenak plan orokorraren aldeko kasazio-errekurtsoa tramitatzea onartu ez izanak lurrikara eragin du Hondarribiko udal taldeen artean. 2003an hasitako bidea eten du ebazpenak.
Etxebizitza sozialak, promozio pribatuak, jarduera ekonomikorako guneak, eremu ezberdinak biziberritzeko planak, merkatalgune erraldoiak… Askotarikoak dira Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurkako epaiak, eta kasazio-errekurtsoa onartzeko ezezkoak bertan behera utzitako proiektuak. Harrera ona izan dute herritarren artean plan orokorrak zehaztutako hainbat egitasmok, eta hautsak harrotu dituzte, berriz, beste zenbaitzuk, baita gizartearen mobilizazioa eragin ere. Uneotan, dena dago kolokan.
Joan den asteko asteazkenean, hilaren 17an, ezagutarazi zuen PSE-EEren udal taldeak Espainiako Auzitegi Gorenak kasazio-errekurtsoa tramitera onartzearen aurka hartutako erabakia. EAJren udal gobernuak hilaren 12tik ebazpenaren berri zuela salatu zuten sozialistek eta Abotsanitzek, eta hori ez zuela oposizioko taldeekin partekatu leporatu zioten Txomin Sagarzazuren alderdiari. Are gehiago, talde sozialistaren filtrazioa publiko egin arte ez zuen berretsi gobernu taldeak Gorenaren ebazpena.
Zer dio, baina, justizia organoaren erabakiak? Joseba Belaustegi abokatuak azaldu duenez, kasazio-errekurtso bat onartua izan dadin Espainiako Auzitegi Gorenak «kasazio interesa» antzematea ezinbestekoa da. Oso gutxi dira, Belaustegiren hitzetan, Gorenak onartutako kasazio-errekurtsoak,«onartutakoak gehienez %10 izango dira». Eta Hondarribiko plan orokorraren kasuan «normaltzat» jo du ebazpena, «hirigintza, erkidegoen eskumen esklusiboa baita».
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Auzitegi Nagusiak iazko ekainean plazaratutako epaia «irmotzat» jo du adituak, nahiz eta hiru kasazio-errekurtso erabakitzeke dauden oraindik. Lehen errekurtsoa onartu ez izana eta beste hiruak aurrera egitea «ezohikoa» litzatekeela erantsi du, «udalak orain arte argudiatu ez duen kasazio interes bat mahai-gaineratu ezean».
Argi berdea HAPOari
2017ko ekainean deitutako ezohiko osoko bilkuran onartu zuen Hondarribiko Udalbatzak plan orokorra. EAJren botoekin aurrera egitea erabaki zuen tokiko gobernuak; Abotsanitz eta EH Bildu kontra azaldu ziren; eta PSE-EE zein PP abstenitu.
Osoko bilkura hartako aktan irakur daitekeenez, «Igor Enparan jauna [Abotsanitz] gobernu taldeari zuzendu zaio eta irregulartasunak dituen dokumentu bat bozkatzera behar ez dezatela eskatu du. Horregatik, irregulartasuna eragiten duen gaia planetik kanpo uztea proposatu du». Aipatutako «irregulartasuna» planetik at uzteari uko egin zion jeltzaleen udal taldeak, eta hala, 2003an hasitako ibilbidea biribildu zuen Hondarribiko Udalbatzak. Gutxienez hurrengo 12 urterako hirigintza zehazteko bide-orria erabaki zuten, iazko ekainera arte.
Mendeluko industriagunean kokatutako hainbat enpresek planari helegitea jarri izanaren ondorioz erabateko baliogabetzea erabaki zuen Auzitegi Nagusiak 2020an. Mendeluko Iparra-Eskapatxulo eremurako aurreikusitako hirigintza proiektua medio errekurritu zuten HAPOa, eta epaitegiak haien aldeko erabakia hartu zuen. Izan ere, telekomunikazio eta lurzoruen balio agrologikoaren gaineko txostenak aurkeztu ez izanak ezinbestekoak jo zituzten epaileek plan orokorra etzateko. Are gehiago, dagoeneko, lau dira HAPOaren aurkako epaiak, nahiz eta horiei guztiei kasazio-errekurtsoa aurkeztea erabaki duen udalak. Urtarrilaren 29an deitutako ezohiko osoko bilkuran onartu zuen udal gobernuak azkena.
Justizia Auzitegi Nagusiaren azken sententzian, aldiz, argi mintzatu dira epaileak: «Ez du zentzurik plan orokor bat behin betiko onartutzat jotzea, telekomunikazioen arloko zehaztapenak aintzat hartu gabe, administrazio errekurtsogileak [Hondarribiko Udalak] aldarrikatzen duen bezala. Izan ere, telekomunikazio-sareak planteamenduaren beste eremu batzuetan duen eragin ukaezina dela eta, haiek erabat baldintzatzera iritsi daiteke, ezinezkoa da pentsatzea plan orokorrak behin betiko onar daitezkeela sare horren hedapena zehaztu gabe». Epaiak dioenez, hamalau urtez jorratutako hirigintza plana ezin da onartutzat eman aipatutako txostenik gabe.
Berridazketa eta kalte-ordaina
Lehen kasazio-errekurtsoa aurkeztearekin batera onartu zuen plan orokor berria izapidetzen hastea udalbatzak. Hirigintza departamentuko teknikariak ari direla zeregin horretan aditzera eman du noizbait udal talde sozialistak, eta horretara bideratutako giza baliabideak zehazteko galdegin diote gobernu taldeari, bereziki, departamentuak behar adina teknikari ez izateagatik pairatutako «presioa» kontuan izanda.
Plan orokor berri batean lanean hastea eta kasazio-errekurtsoak aurkeztea izan da EAJren apustua ordenamendu plan orokorra ezerezean gera ez zedin. Orain, ordea, Gorenaren ebazpenari erreparatuta, zer nolako ondorioei aurre egin behar dien udalak ikusteko dago. Horrela esplikatu du Belaustegik: «Hirigintza legeak erantzukizuna aurreikusten du, bereziki enpresekin hitzarmenen bat egin bada, eta burututako esku hartzeak gastu ekonomikoa eragin badie, hala nola, azterketak, proiektuak, urbanizazioak eta bestelakoak. Urtebeteko epea dute horiek kalte-ordain patrimonialak eskatzeko».
HAPO berriak, bestalde, «luzera» joko duela ere iritzi dio, bukatzeko, adituak: «Osorik berridazteaz gain, epe guztiak bete behar ditu berriro udalak, eta tartean enpresak egonda oztopoak ere aurkituko dituela ziurra da. Ez dakit, gainera, zer nolako kalte-ordainak eskatuko zaizkion. Orain, denek pastelaren zati bat nahiko dute».
Kronologia:
- 2003. Tramitazioa hasi zuen udalak.
- 2017. HAPOa onartu zuen udalbatzak.
- 2020. Plan orokorraren aurkako lehen epaia kaleratu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak ekainean. Gorenean lehen kasazio-errekurtsoa aurkeztea, eta aldi berean, HAPO berria tramitatzen hastea onartu zuen udalbatzak uztailean. Urtea bukatu aurretik planaren aurkako beste bi epai jaso zituen udalak, eta horiei ere kasazio-errekurtsoa jartzea erabaki zuen.
- 2021. Planaren kontrako laugarren epaia iritsi zen urtarrilean, eta beste kasazio-errekurtso bat sartzea erabaki zuen udalbatzak. Hilaren 17an plazaratu zuen talde sozialistak Gorenaren erabakia. EAJren udal gobernuak hilaren 12an jaso zuen ebazpena.
400.000 euro
Francisco de Leon Arquitectura y Urbanismo estudioak plan orokorra diseinatzeko jasotako hasierako aurrekontua. Bukaerako kostua, hala ere, 800.000 eurotik gorakoa dela dio Abotsanitzek, eta milioi bat euroren bueltan kokatu du EH Bilduk.
Hondarribiko udal taldeen erreakzioak irakur daitezke ondoko esteketan.