Denboraldiko markarik onena ezarri du Teresa Errandoneak
Bigarren postua eskuratu du World Athletic Indoor Tour lehiaketan. 8,06 segundotan zeharkatu ditu hesiz betetako 60 metroak.
Joan den asteburuko trantze txarraren ostean, Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) Teresa Errandoneak albiste onak ekarri ditu Irunera. World Athletic Indoor Tour lehiaketan aritu da irundarra, eta zorionez, oraingo honetan emaitza erabat ezberdina izan da.
Alemania eta Madrilgo irteera nuluak anekdota hutsak izan zirela erakutsi du Errandoneak, fisikoki eta mentalki egoera oso onean baitago. Denboraldiko marka pertsonal onena ezarri du World Athletic Indoor Tour lehiaketan (8,06 segundotan zeharkatu ditu hesiz betetako 60 metroak), bigarren postua eskuratuta. Azkarrena Nadine Visser izan da, 7,81 segundoko markarekin.
Datorren astean Europako Txapelketa jokatuko du irundarrak, Torun-en (Polonia), eta aste honetan lortutakoa ikusita, dominaren bat eskuratzeko prest da Errandonea. Igande honetan Madrilen selekzioko kideekin elkartuko da, Poloniara joateko tramite guztiak egiteko. Martxoaren 6an (larunbata da) hasiko du lehia irundarrak.