Mugak ireki ditzaten eskatzeko mozioak erregistratu ditu EH Bilduk
Hondarribiko Udalbatzak gaur eztabaidatuko du gaia, eta Irungoak, bihar. Sinadura bilketa ere abiatu dute EH Bairekin batera.
Irungo eta Hondarribiko EH Bilduko Ane Unanue eta Xabi Bengoetxea zinegotziek agerraldia egin dute gaur eguerdian Etorbidea zubian. Mugaren itxierak eragindako oztopo eta kalteak salatu dituzte bi hautetsiek prentsa aurrean, eta irekiera bultzatzeko mozioak aurkeztu dituztela bi udaletan ezagutarazi dute. Gaur bilduko da Hondarribiko Udalbatza, eta bihar, Irungoa.
«Urtarrila geroztik Ipar eta Hego Euskal Herria lotzen dituzten zortzi pasabide itxi dituzte Frantziako eta Espainiako estatuek», hasi du Unanuek, «’terrorismoaren kontrako borroka’ eta migrazioa oztopatzeko argudioak aitzakiatzat hartuta». Gainera, «neurriz kanpoko» presentzia militar eta poliziala areagotu dela erantsi du.
Lapurdi eta Gipuzkoa arteko pasabideetan polizia kontrolak ugaritu direla eta, «egun batetik bestera» Irun, Hendaia, Biriatu, Urruña eta Hondarribiko herritarren «harreman familiar, afektibo, kultural, sozial eta ekonomikoak inposizioaren bitartez oztopatu dituzte».
Egoerak Behe Bidasoa eskualdean eragin «nabarmena» duela iritzi diote koalizioko kideek, baina areago ere jo dute: «Migranteen kontrako ehiza areagotzen du, eta eskuin muturreko ideien hegemonia indartzen du ‘terrorismoa’ eta migrazioa lotuz».
Aldarrikapenak
Bidasoko EH Bilduk «muga artifizialak ixtea» eta «kontrol polizialen indartzea» irmoki salatu ditu, eta horren aurrean, «neurriak salatzeko» eta «indarra egiteko» mozioak aurkeztu dituztela bi udaletan esplikatu dute. «Argi dugu udalek ezin dutela isilik egon gure eskualdearen bizitza gehiegikeriaz eta modu bidegabean baldintzatzen duten erabakien aurrean». Are gehiago, Akitaniak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak ere «presioa» egin dezaten eskatzen du koalizioak mozioan.
Horrez gain, EH Bilduk eta EH Baik sinadura bilketa abiatu dutela gogorarazi dute, «mugak berehala ireki daitezela exijitzeko». Euskal Herrian mugarik ez lelopean, sinatzera deitu dituzte herritarrak.