Martxoan zabalduko dute aurtengo Solas Jolas programan izena emateko epea
Programaren helburua «euskararen erabilera sustatzea eta hizkuntzarekiko haurren jarrera hobetzea» dela adierazi du Miren Etxebeste ordezkariak eta egitasmo honi esker, «haurrek euskara modu naturalean eta entretenigarrian praktikatzeko aukera» izango dutela uda honetan.
Irungo Udaleko Euskara sailak aurtengo Solas Jolas programa aurkeztu du gaur. Programaren helburua «euskararen erabilera sustatzea eta hizkuntzarekiko haurren jarrera hobetzea» dela adierazi du Miren Etxebeste ordezkariak eta egitasmo honi esker, «haurrek euskara modu naturalean eta entretenigarrian praktikatzeko aukera» izango dutela uda honetan.
Programa findu duten arren, Etxebestek azaldu du osasun egoera ezegonkorra denez, pandemiaren bilakaeraren arabera unean uneko erabakiengatik neurri eta protokolo ezberdinak aplikatuko dituztela. Horren berri familia guztiei emango diete.
Hala, aurtengo Solas Jolas programa uztailaren 5etik 30era eta abuztuaren 3tik 31era luzatuko dute, 9:00etatik 13:00etara. Udaleku hauetan 2011tik 2016ra bitarte jaiotako haurrek ahalko dute izena eman, beti ere Irunen erroldatuta badaude, edo Irunen ikasten ari badira. Hauez gain, 2009an eta 2010ean jaiotako haurrek ere parte hartu ahal izango dute, 5. edo 6. mailan egonda dibertsitate funtzionala badute.
Izen emateak martxoaren 1etik 12ra egin beharko dira, lotura honetan edota HAZ bulegoan, 8:00etatik 20:00etara. Apuntatzeko, ondorengo datuak eman beharko dituzte gurasoek: izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, harremanetarako telefonoak, aukeratutako txanda (uztaila, abuztua edo biak), ikasten ari den ikastetxearen izena eta maila eta Solas Jolaserako aukeratutako ikastetxea/ak. Horrez gain, dibertsitate funtzionala duen edo familiak Diru sarrera Bermatzeko Errenta kobratzen duen zehaztu beharko dute. Izan ere, DBE kobratzen duten familiei % 75eko deskontua egingo diete. Zozketari begira aldiz, anai-arreben kasuan, gurasoek besterik ez badute esaten, zozketan elkarrekin parte hartuko dutela ulertuko du udalak.
Zozketarako onartutakoen behin-behineko zerrenda martxoaren 22an jakinaraziko dute. Egun berean zozketatuko dituzte plazak, eta 15:00etatik aurrera argitaratuko dituzte. Orduan, behin betiko izen ematea egin beharko dute gurasoek, apirilaren 19tik 30era.
Berritasunak aurten
Euskara saileko ordezkariak gaineratu duenez, aurten hiru aldaketa egin dituzte programan. Lehenik, ez da errepeskarik egongo, denek izango dute aukera ikastetxe guztietan parte hartzeko eta txandek hilabeteko iraupena izango dute.
Honakoak dira aurten eskainiko dituzten ikastetxeak: Uztailean Belaskoenea, Dunboa, Elatzeta, Eguzkitza BHI, Lekaenea eta Toki Alai; abuztuan aldiz, Dunboa.
Prezioak aldiz, ondorengoak dira: familia unitateko kide bat 72,85 euro haur eta hilabete bakoitzeko; familia unitateko bi kide txanda berean 58,25 euro haur eta hilabete bakoitzeko; familia unitateko hiru kide txanda berean 43,70 euro haur eta hilabete bakoitzeko; familia unitateko lau kide edo gehiago txanda berean 29,10 euro haur eta hilabete bakoitzeko; RGI/DBEen onuradunentzako 18,21 euro haur eta hilabete bakoitzeko.