Hondarribiko XXI. Traineru Jaitsiera egingo dute etzi
Hondartza parean egingo dute estropada, baina osasun neurriak medio, ez gerturatzeko eskaria luzatu die arraun elkarteak jarraitzaileei.
Hondarribiko XXI. Traineru Jaitsiera etzi egingo dute, 16:00etan hasita. Hondarribia Arraun Elkarteak jakinarazi duenez, itsasgorarekin batera ekingo diote probari eta minutuero ontzi bat itsasoratzea aurreikusi dute. Denera, 31 traineruk parte hartuko dute, hamabi emakumeen kategorian eta hemeretzi gizonezkoetan. Hondarribiak bi ontziekin parte hartuko du lehia femeninoan, eta hiru eskifaiekin maskulinoan.
Hori horrela, estropada hondartza parean egingo dute, nahiz eta osasun egoera medio, ez hurbiltzera deitu dituzte jarraitzaileak. Hala eta guztiz ere, ondoko estekan zuzenean ikus daitekeela etziko proba ezagutarazi du arraun elkarteak.
Iluntzean, bestalde, hil honen hasieran zendu zen Txomin Orbañanos elkartekideari azken agurra emango diote Alde Zaharreko parrokian, 19:00etan.