Euskal preso eta iheslariak etxean nahi dituztela aldarrikatuko dute bihar
Hil amaierako ohiko elkarretaratzera deitu ditu irundarrak Etxerat-ek. 20:00etan bilduko dira, Zabaltza plazan.
Bihar (hilak 26), hileko azken ostiral guztietan bezalaxe, euskal presoen etxeratzea eskatuko dute irundarrek, Irungo Etxerat-ek antolatuta. 20:00etan elkartuko dira, Zabaltza plazan.
Hil amaiera guztietako aldarri berberarekin hartuko dute plaza: euskal presoen lekualdaketak eta hurbilketak berraztertzea eskatuko dute, «presoen eta haien senideen kezka eta ziurgabetasunarekin behingoz amaitzeko». Eta COVID-19aren pandemiak eragindako egoera honetan, preso askok (gaixotasun larriak dituztenak eta 65 urtetik gorakoak) aske egon beharko liratekeela gogoratu dute, Nazio Batuen Erakundeak, OMEk eta Europako Kontseiluak gomendatu bezala.
Alarma egoera ezarri zenetik presoen eskubideak are gehiago urratzen ari direla salatu dute, ordutik, bertan behar utzi baitira familiako komunikazioak eta bisitak. «Badira hilabete asko Frantzian eta Espainian preso dauden zuzeneko senideak ikusten ez dituzten adingabeak; etsi egin duten adineko senideak», diote amorruz. Zentzu horretan, espetxe barruan beste espetxe bat eraiki dutela erantsi dute, «egoera ahal den neurrian arintzeko neurriak hartu beharrean». Presoak arrisku taldean egonik, oraindik haien segurtasuna bermatzeko neurririk ez dutela hartu salatu dute.
Bestalde, Frantziako espetxeetara iristean presoen senideentzat test azkar eta doakoak egiteko eskatu dute, eta bai Frantzia eta Espainiako Estatuan, bisitak eta komunikazioak lehenbailehen berreskuratu behar direla aldarrikatu dute.