Unai eta Maialen Oiartzun anai-arrebekin hitzaldia antolatu du Aitzondok
Aurkeztu berri duten 'Euskarazko irakurzaletasuna Irungo Udal Liburutegian' ikerketaren gainean ariko dira. Herritarrek irakurtzeko dituzten hizkuntza ohiturak aztertu dituzte azken hamabi hilabeteetan.
Aitzondo Irungo Euskara Taldeak hitzaldi berezia antolatu du datorren martxoaren 4rako (osteguna da). Jose Antonio Loidi beka irabazi berri duten Unai Oiartzun (Irun, 1992) eta Maialen Oiartzun (Irun, 1995) anai-arrebek eskainiko dute, aurkeztu berri duten ikerketaren gainean ariko dira. Herritarrek irakurtzeko dituzten hizkuntza ohiturak aztertu dituzte azken hamabi hilabeteetan; Irungo udal liburutegian azken bost urteetan euskarazko liburuak irakurtzeko izan diren ohiturak eta joerak ikertzen ibili dira Euskarazko irakurzaletasuna Irungo Udal Liburutegian izeneko ikerketa lanean.
«Irakurtzen al dugu euskaraz?, zer egin dezaket liburutegiak irakurzaletasuna bultzatzeko?, nola sustatu euskarazko irakurzaletasuna?», galdera horiei erantzuna emango diete anai-arrebek.
17:30ean hasiko dute hitzaldia, Palmera Montero Gunean. Bertaratzeko, aurretik izena eman beharko da, helbide honetara idatziz. Hitzaldiaren ostean, eztabaidarako tartea izango dute bertaratutakoek.