Diru-laguntza berriak iragarri ditu Txingudiko Zerbitzuak-ek
Uraren eta zaborren gaineko diru-laguntza lerro berria zabaldu du Txinzerrek; guztiz itxi behar izan duten negozioei, lokalei, edota zerbitzuei bideratuta daude, baita familiei ere.
Txingudiko Zerbitzuak-ek (Txinzer) ezagutarazi duenez, guztiz itxi behar izan duten negozio, jarduera ekonomiko, zerbitzu eta lokalek uraren eta zaborraren gaineko diru-laguntzak jasoko dituzte. Egoera ahulean dauden familiak ere aintzat hartzen ditu diru-laguntza lerro berriak.
Zabaldutako informazioaren arabera, negozio eta jarduera ekonomiko ezberdinek laguntza jasoko dute baldin eta «nahitaezko itxierak eragina izan badu, eta itxiera hori erabatekoa eta eraginkorra izan bada».
Jose Antonio Santano Txinzerreko presidenteak zehaztu duenez, «gehienez, bi hilabetean» jasoko dute hobaria, eta «behin eskatu ahalko da». Eskaera jasota, kontsumoa «hondarrekoa» izan ote den aztertuko dute, Leire Zubitur kudeatzaileak ohartarazi duenez, «garbiketa lanetarako edo antzekoetarako gutxieneko ur gastua egon dela ulertzen baitugu». Internet bidez izapidetu beharko dute interesdunek diru-laguntza.
Zaurgarritasun egoeran dauden familiei eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen dutenek ere eskatu ahalko dute laguntza. Txomin Sagarzazu presidenteordearen arabera, «baldintzak betetzen dituztenek %50eko salbuespena» jasoko dute.
Iazko hobariak
2020. urtean Irungo eta Hondarribiko 321 establezimenduk jaso zituzten diru-laguntzak. Gehienak, 209 zehazki, ostalaritzarekin harremana zuten negozioak ziren, baina horiez gain, ile-apaindegiak, biltegiak, akademiak… ere zeuden. Iaz aplikatutako hobariengatik diru-sarreretan 126.000 euroko murrizketa jaso zuen Txinzerrek.